Menu

kokapena

Legorretako herria 1º 33’ 00” ekialdeko longitudean eta 43º 5’ 50” ipar latitudean kokaturik dago; 115 metrotara itsasertzeko marratik gora.

Herriaren zabalera 8,6 Km2-koa da, Gipuzkoa lurralde osoaren barne (1.980 km) % 0,43 baino ez.

Mugak iparraldera Albiztur eta Tolosako herriekin ditu, hegoaldera, berriz, Itsasondo eta Altzagarekin, ekialdera, Ikaztegieta, Baliarrain eta Orendainekin eta mendebaldera Bidegoianekin. Gipuzkoa Donostia hiruburutik 35 km-tara dago N-1 errepidez.

Legorreta kareharri jurasikoko lurretan dago eta bere erlieberik altuenak ditu Bilkoin, Itzeieta, -biak Aralarreko mugetan- Koroate, Murumendi eta Aldaban eta hauxe da hain zuzen, udalerriko mendirik altuena bere 517 metrorekin.

Oriaren ertzean

Legorretatik igarotzean Oria ibaiak meandro luze bat itxuratzen du, hirigunera bilduz bilbe trinko batean. Bi irteera ditu, bata Ordizia aldera eta bestea Tolosara, harrizko bi zubitatik pasaz. Lehena Zubizaharra (izenak berak erakusten du bestea baino zaharragoa izango dela), bi begiko zubi bat da erdiko branka batekin. XVI. mendean eraiki arren, ondorengo mendeetan berritu egin behar izan da eta gaur egun hirugarren begi bat ere atera zaio. Bigarrengo zubiak, berau ere bi begikoa, Torreauzo du izena dorretxe baten ondoan zegoelako, eta inguruan du Guadalupeko Andre Mariaren ermita. Bi zubi horiek Gaztela eta Frantziaren arteko Errege Bidean zeuden, gaurko Kale Nagusitik barrena baitzihoan.

Legorretako udalerriaren barne Oria ibaiak, eskuin aldetik, Orendain edo Naera errekako urak jasotzen ditu eta Beraza du azpiadar garrantzitsuena; eta ezkerreko aldetik, berriz, Beroztegi-errekakoak eta Muitza azpiadarrarenak.

ANTXON AGIRRE SORONDOk idatzitako LEGORRETA. BIZITZA IBAIAREN BIRAGUNE BATEAN izenburudun liburutik hartua.