Kaixo denei. Aurten berandu gabiltzala badakigu baina ez gara ahaztu dantza ikastaroaz. Izan ere, erromeriarekin jarraitzeko asmoa daukagu eta horretarako, zuen parte-hartzea ezinbestekoa dugu. Hori kontutan izanik, entseguaren eguna mantendu egingo dugu eta ordua apur bat aldatuko dugu, hau da, asteazkenetan 19:00-20:00 izango da. Entseguekin, hurrengo astean hasiko gara, apirilaren 25ean.
Gure Esku Dago plataforma giza kate erraldoia antolatzen ari da ekainaren 10erako, hiru hiriburu lotuko dituena (Donostia, Bilbo eta Gasteiz). Hori lortu ahal izateko, herritarren laguntza ezinbestekoa izango da. Legorretari 160 herritar konprometitzea egokitu zaio.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Legorretako abonatuei jakinarazi nahi die aste honetan hasi dela aurtengo lehenengo hiruhileko ur kontagailuen irakurketa egiten. Etxetik kanpo egonez gero, eskertuko lukete irakurketa erraztea, irakurleak etxean utzitako jakinarazpen zedula betez. Ur Kontsortzioaren edozein bulegotan, abonatuaren 902-30 22 22 edo 943-31 86 02 telefonoan (24 orduz) edota bulego birtualean, www.gipuzkoakour.eus helbidean, eman dezakezue (altan emanda bazaudete).
Hilaren 27an izango da Ruper Ordorikaren kontzertua, eta maiatzaren 4an EH Sukarrarena. Udaletxean eta kultur etxean eros daitezke sarrerak, 10 euroan lehenak eta 6 euroan bigarrenak.
Aldaieta jubilatu eta pentsiodunen elkarteak hitzaldi bat antolatu du astearterako: Baratza eta bertako lanketak, Jakoba Errekondorekin. Bizi baratzea bere azken liburua aurkeztuko du, eta entzuleen galderei erantzungo die gero. Arratsaldeko bostetan izango da, udaletxeko areto nagusian.
Ostiralean izango da udaberriko egitarauko lehen kontzertua Herri Antzokian. Hiri Galduak eta Libe taldeek joko dute, 22:30etan hasita. Sarrerak bost euro balio du, eta aretoan bertan egongo dira salgai, kontzertua hasi aurretik.
Hilabete falta da Azintzio jaietarako, eta herritarrak hasiak dira antolaketa lanetan. Playbackean parte hartzeko asmoa izanez gero, aste honetan eskatu behar da entseguetarako lokala, liburutegian.
Udaberrian lau kontzertu ikusteko bonoa salgai dago udaletxean eta kultur etxean, 15 euroren truke. Ikasle, langabe eta jubilatuek, berriz, 10 euroan eskura dezakete.
Lizarrako irteerara joateko, izena eman beharko da aurrez. Gaur eta bihar izango da horretarako aukera, 11:30etatik 12:30etara, jubilatuen elkarteko bulegoan. 30 euro ordaindu beharko dira.