Herria Bidelagun programa aurkeztu du udalak, herrian bakardade egoerak detektatu eta esku-hartze bat martxan jartzeko sare publiko-komunitarioa. Udazkenean, Legorreta 2030 Plan Estrategikoa garatu zuen udalak, herritarren parte-hartzearekin, eta bertan antzeman zen bakardadea lantzeko beharra, zaintza lerroaren barnean. Programa hau aurrera eramateko, Legorretako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bat lortu du, Europako Batasuneko Next Generation funtsen barruan, eta, hala, hitzarmen bat sinatu du Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibarekin; 16 hilabetez, kooperatibako hezitzaile Ianire Ugartek kudeatuko du programa, udaleko Gizarte Zerbitzuen koordinazioarekin.
Datorren asteazkenean, apirilaren 6an, Biziolako kideek kooperatiba aurkeztuko dute Legorretako udaletxean, 18:00etan.
Datorren igandean, apirilaren 3an, 'Non dago Mikel?' dokumentala ikusteko aukera izango da Antzokian. Bertan,1985eanGuardia Zibilak atxilotu ondoren Mikel Zabalzaren desagerpenari eta heriotzari buruz hitz egiten da. Sarrerak salgai daude udaletxean eta kultur etxean, 3 euroren truke.
Badator errenta aitorpena egiteko kanpaina, eta, aurreko urteetan bezala, aurten ere kanpaina antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk eta Legorretako Udalak. Helburua argia da: gero eta herritar gehiagok egitea aitorpena euskaraz. Erakundeon nahia da, izan ere, administrazioaren eta herritarren artean euskara gero eta gehiago erabiltzea.
Bihar, asteazkena, hilak 30, ipuin-kontaketa saioa izango da Lupe Lekuona kontalariarekin, Nork jolastu nahi du nirekin titulupean. Herri Antzokian izango da, 18:00etan, 5-8 urte bitarteko umeentzat.
Datorren astelehenean, hilaren 28an, Azintzio festak antolatzen segitzeko bilera izango da: 18:00etan, udaletxean.
Aurten Korrikaren 22. edizioa Amurriotik Donostiara bitartean izango da, martxoaren 31tik apirilaren 19era bitarte. Datorren larunbatean, hilaren 26an, aurtengo Korrikaren dokumentala izango da ikusgai Antzokian; 'Uhinak' izeneko ikus-entzunezkoa 18:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
Larunbatean, hilaren 26an, talo festa izango da herrian, Ugarotarrak guraso elkarteak antolatuta. 18:30etan hasiko da, eta bildutako dirua Ukrainara bideratuko da.
Datorren asteazkenean, hilaren 23an, haur eskolako ateak irekiko dituzte, eskola bera eta bertako funtzionamendua ezagutarazteko.