Menu

Azaroak 25: adierazpena

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanik, Legorretako Udalak gaitzespen irmoa erakusten du indarkeria sexistaren adierazpen mota guztien aurrean.

Indarkeria matxistak askotariko aurpegi eta adierazpenak dauzka, eta emakume guztiei eragiten die bizitza osoan zehar. Indarkeria matxista etxean nozitzen dute emakumeek, baina baita eremu publikoetan ere, kalean bertan; izan ere, indarkeria hori gizartearen egituran bertan oinarritzen da: oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotzako sexuaren arabera mugatzen da pertsonen askatasuna.

Gainera, mundu osoan indarrean dagoen sistema baten parte da. Sistema horren bitartez, emakumeen aurkako indarkeria ahalbidetzen da, haurtzarotik hasi eta bizitza osoan zehar. Hainbat neurritako jarduera oldarkor eta matxistak dira, baina denek egiten diete eraso -zuzenean edo zeharka- emakumeen osotasunari, askatasunari eta gaitasunari.

Bestelako gizarte bat eraiki beharra daukagu, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.

Arazo estrukturala izanik, eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa da berdintasun politikak ezartzea.

Legorretako Udalak azpimarratu nahi du alor horretan behar-beharrezkoa dela politikari eta herritarren adostasunean eta konpromisoan sakontzea, eta, hortik abiatuta, batera bizitzeko guneak sortzea, non emakumeek, azkenean, indarkeria matxistatik libre bizitzeko aukera izango duten. Gure ustez, premiazkoa da helburu horrek lehentasunezko eta etengabeko tokia izatea erakundeen jardunean. Horregatik, Legorretako Udalak konpromisoa agertzen du bere eskuduntzen esparruan politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko eta indarkeria sexista mota oro errotik suntsitzeko.

Legorretako EH Bildu
Legorretako EAJ-PNV

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarte...

Sartu