Menu

Azaroak 25: adierazpena

Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna

            Indarkeria matxista guztien kontra egiteko eguna da azaroaren 25a. Aurten, gainera, ezohiko egoera batean egokitu da. COVID-19aren pandemiak kolokan jarri ditu denon bizitzak, eta bereziki kaltetuak izan dira indarkeria matxistaren biktimak. Zerbitzu askok funtzionamendua aldatu dute, beste batzuk bertan behera geratu dira, eta beste batzuek baliabideak desbideratu dituzte.

            Konfinamenduak ondorio psikologikoak eta bestelakoak eragin ditzake emakume eta haurrengan, haien arreta prozesuak eten direlako eta etxean indarkeria mota eta adierazpen desberdinak jasan dituztelako. Orain, lehentasunezkoa da jakitea, indarkeria matxistari dagokionez, nola eragin dien krisi honek emakumeei, haien seme-alabei...

            Krisi honetan, zuzeneko indarkeriaz gain, beste indarkeria mota batzuk ere indartu dira, hala nola ekonomikoa. Erakunde gisa, gure betebeharra da emakume eta seme-alaba guztiek beren egoerarako arreta egokiena jasotzen dutela bermatzea. Krisia ezin da aitzakia izan aurrekontuak izozteko edo murrizteko. Baliabide guztiak jarri behar dira prebentzioa lantzen jarraitzeko, arreta egungo egoerara egokitzeko eta erreparazioa bermatzeko.

            Eta, beti bezala, mugimendu eta aditu feministen eskutik egin behar dugu. Horiek eskatu dute, hain justu, konfinamenduan arriskuan zeuden emakumeei eta euren seme-alabei arreta emateko, eta erreparatzeko deskonfinamenduak emakume horiengan izan dituen ondorioei.

            Gogoan ditugu, era berean, Euskal Herrian hil dituzten lau emakumeak. Lanean jarraitu behar dugu halakorik berriro gerta ez dadin. Errealitatea gordina da, denok interpelatzen gaitu, eta ardura hartzea dagokigu. Erakundeoi bereziki. Horregatik, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herri feminista, justu eta berdintasunezko baten aldeko aldarrikapena.

            Bide horretan:

  • Legorretako Udalak konpromisoa hartzen du COVID-19aren krisiak indarkeria matxistetan izan ditzakeen eraginak aztertzeko, aldundiarekin, Emakunderekin, mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin koordinatuta, eta horiei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak martxan jartzeko edo indartzeko.
  • Horretarako, udal honek ez du murrizketarik egingo 2021eko aurrekontuetan, eta beharrezkoak diren diru sailak handituko ditu.
  • Udal honek foru aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko diru sailak handitzeko, berdintasun zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarrean dagoen legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko, nagusiki COVID-19aren krisiak eragin berezia izan duen esparruetan.
  • Udal honek herritarrentzat -eta bereziki emakumeentzat- dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu, eta lurraldeko zerbitzu sarearen funtzionamendu egokia indartuko du.
  • Udal honek pandemia garaian sortu ziren zaintza sareak babestuko ditu, bai eta, oro har, herri kolektiboen lana ere.
  • Udal honek neskentzako eta emakume helduentzako jabekuntza jarduerak antolatzen jarraituko du.
  • Udal honek nerabe eta gazteentzako sentsibilizazio eta formazio jarduerak abiatuko ditu, emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez.
  • Udal honek indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko jarduerak martxan jarriko ditu, egungo egoerara egokituta.
  • Udal honetatik borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  • Udal honek bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta herritarrei dei egiten die deialdi horietan parte har dezaten.

Legorretako EH Bildu                                                                                                 Legorretako EAJ-PNV

Adineko emakumeen kontrako indarkeria matxistaren ...
"1917" filma, igandean

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu