Legorretan ere etxebizitza huts asko dago, eta horien erabilera bultzatzea da Legorretako Udalaren erronka: alokairua sustatu eta etxebizitzak merkaturatzea, eraikita dagoen horri ahalik eta etekin gehien ateratzeko.
Etxebizitza hutsen errolda osatua dago, eta, orain, helburua izango da higiezin horiek etxebizitza gisa erabiltzeko zein neurri bultzatu nahi diren erabakitzea, diru-laguntza programa bat ezartzeko oinarrietan zer jaso nahi den zehaztea.
Bide horretan, herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi dira, eta, horretarako, bi bilera egingo dira: ekainaren 14an lehena (osteguna), 19:00etan, udaletxean, eta ekainaren 27an bigarrena (asteazkena), 19:00etan, udaletxean.
Bi bilera horiek egin ondoren, Siadeco etxeak diru laguntzen programa bat osatzeko ordenantza bat landuko du, bertan erabakitakoarekin, eta irailean egingo da hirugarren bilera, zirriborroa herritarrei aurkeztu eta azken ekarpenak jasotzeko.
Interesa izanez gero, beraz, oraintxe duzue aukera!
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/