Menu

Euskaraldia babestu du udalbatzak

logo

Ekainaren 28ko osoko bilkuran, Legorretako Udaleko alkateak eta zortzi zinegotziek aho batez onartu zuten Euskaraldiaren aldeko erakunde-adierazpena.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak jarri dute Euskaraldia abian, beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean. Gure udalerria ere buru-belarri sartu da.

Ekimen horretan, 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez  hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Bi subjektu-mota bereizi dira: ahobizi eta belarriprest.

Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, berriz, solaskideak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahiz eta belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Egitasmoaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek igaro eta gero, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

Honela dio adierazpenak, hitzez hitz:

Legorretako Udalak honako hau adierazi nahi du:

  • Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin, eta haren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldian parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
  • Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin Gipuzkoan, ahalik eta udal eta mankomunitate gehienetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan, lurralde mailako politika bateratu bati begira.
Bilera asteartean, txirrindulari proba baten antol...
Chris Ruest blues kantariak kontzertua emango du L...

Sartu