Udalak hitzarmena sinatu du Oinherri elkartearekin, herrian proiektu hezitzaileak bultzatzeko. Horrekin lotuta, 9-18 urte bitarteko herritarrekin parte-hartze prozesu bat egingo da.
Herri hezitzaileen sareko kide egin da Legorreta: Oinherri elkartearekin hitzarmena sinatu du udalak, eta, horren eskutik, herrian proiektu hezitzaileak bultzatuko dira. Oinherri 2012an sortu zuten hezkuntzan eta umeen aisialdian aritzen diren hainbat elkartek, eta helburu du herri hezitzaileen filosofia txertatzea. Aurretik beste 28 udalerrik egin bezala, sare horretan sartzea erabaki du Legorretako Udalak ere.
Herri hezitzaile izateak esan nahi du umeak eta nerabeak ere eskubide osoko pertsonatzat hartzea, eta, beraz, herrian parte hartzeko bideak zabaltzea. Horretarako laguntza emango du Oinherri elkarteak; besteak beste, formazioa eta aholkularitza emango dizkie udalari eta herriko eragileei. Legorreta 2030 plan estrategikoan ere lehentasun gisa hartu da gai hori: “Haurren eta nerabeen heziketaren ardura herri osoak hartzea”. Hori da Oinherriren planteamendua, herri hezitzailea hiru zutabetan egituratzea: eskola, udala eta herrigintza.
Hain justu, Legorretako umeen eta nerabeen parte-hartzea bultzatzeko asmoarekin, prozesu bat hasi du udalak, Arremanitz kooperatibaren eskutik. Helburua da oinarri batzuk jartzea umeen eta nerabeen parte-hartze egonkorra bultzatzeko, bai udalean, bai herriko eragileetan, eta gaur egun umeek eta gaztetxoek dituzten iritziak jasotzea.
Horretarako, batetik, 9-18 urteko herritarren iritziak jasoko dituzte adituek: herritar horiek nola ikusten duten Legorreta, eta zer iritzi duten aisialdiaz eta parte-hartzeaz. Bestetik, udalarekin eta eragileekin egingo dute lana adituek, umeen eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzeko zer neurri hartu erabakitzeko.
Prozesu horren bidez, beraz, herri hezitzaileen kultura txertatu nahi da udalean eta herriko eragileen artean, eta gaur egun Legorretako umeek eta gaztetxoek zer premia dituzten jakin, horiei erantzun ahal izateko.
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/