Menu

Herria Bidelagun programa aurkeztu du udalak, bakardadeari aurre egiteko

IMG_4029

Herria Bidelagun programa aurkeztu du udalak, herrian bakardade egoerak detektatu eta esku-hartze bat martxan jartzeko sare publiko-komunitarioa. Udazkenean, Legorreta 2030 Plan Estrategikoa garatu zuen udalak, herritarren parte-hartzearekin, eta bertan antzeman zen bakardadea lantzeko beharra, zaintza lerroaren barnean. Programa hau aurrera eramateko, Legorretako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bat lortu du, Europako Batasuneko Next Generation funtsen barruan, eta, hala, hitzarmen bat sinatu du Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibarekin; 16 hilabetez, kooperatibako hezitzaile Ianire Ugartek kudeatuko du programa, udaleko Gizarte Zerbitzuen koordinazioarekin.

  • Proiektuaren helburua:

Bakardade egoera hauskorrean dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea da proiektu honen helburua, eta, horretarako, bakardadeak Legorretako herritarren osasunean eta ongizatean duen eragin negatiboa prebenitu eta arindu nahi da. Sare bat osatu nahi da udalaren eta herritarren artean, publikoa eta komunitarioa izango dena. Eta horixe izango da gakoa, udala eta herritarrak elkarlanean aritzea, bakardade egoerei aurre egiteko.

  • Proiektuaren azalpena:

Bakardade egoera hauskorrean dauden Legorretako pertsonak identifikatu, eta herriko komunitatearekin lankidetzan, pertsona horientzako esku-hartze sozialeko akonpainamendu zerbitzu bat jarriko du martxan udalak.

Zerbitzu horren bidez, isolamendu egoeran dauden pertsonek harreman sozialak lantzea, autonomia lortzea eta herri mailako eragile eta dinamiketan parte hartzea bilatuko da, betiere, beraien behar, nahi eta motibazioak zentroan jarriz.

Helburua izango da egoera hau pairatzen duten pertsonek, bakarrik egoteari utzi, eta beren bizitza modu autonomoan garatzea herrian. Horretarako, herritarron eta herriko eragileen laguntza ezinbestekoa izango da. Boluntario bezala, BIDELAGUN bezala, zaintza sare honen parte izanez eta bakardade egoeran dauden herritarren beharren detekzioan, zaintzan eta akonpainamendu prozesuan ekarpena eginez.

  • Nola har dezaket parte HERRIA BIDELAGUN programan?

1. Boluntario edo bidelagun bezala parte hartuz.

2. Bakardade egoeran egon daitezkeen pertsonei egitasmoa azalduz eta bertan parte hartzera gonbidatuz.

3. Bakardade egoeran dauden herritarren inklusio prozesuan lagunduz eta egoera hauen gaineko gogoeta eginez.

  • Herria Bidelagun programaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu, edota boluntario bezala ekarpena egin nahi baduzu:

Herri mailako aurkezpen bat egingo da apirilaren 27an, 18:00etan, Herri Antzokian. Animatu bertaratzera!

Harremanetarako kontaktuak:

Posta elektronikoa: /

Telefonoa: 688-764-297 (Ianire Ugarte) / 943-08 52 90 eta 688-82 90 13 (Itsaso Urretagoiena)

IMG 4010

Argazkia: Ariane Vierbücher, Goierriko Hitza.

 

Festak antolatzeko bilera asteazkenean
Biziola kooperatibaren aurkezpena asteazkenean

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu