Menu

Jai parekideak sustatzeko saioa ostegunean

JAI-PARE-moztuta

Legorretako Udaleko Berdintasun planaren barruan eta herriko balioak aldatzeko bidean, herriko jaiak eta aisialdiko ekintzak emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko gune bihurtzeko helburua jarri zen.

Helburu horren bidetik, 2018an bi formazio saio egin ziren herriko eragile guztiekin, antolatzen zituzten ekintzen genero eraginaren inguruko hausnarketa egiteko asmoz. Saio horien inguruko balorazio oso positiboa jaso zen, eta orokorrean gaian sakontzen jarraitzeko interesa agertu zuten eragileek. Horrez gain, berdintasun taldeko eta LegoReggaeko kideek indarkeria sexistaren aurka jarduteko protokoloa landu dute, formazioa jasoz, eta LegoReggaeko taldekideek euren kasako barne hausnarketa prozesua abiatu dute ildo berean.

Hori horrela, herriko eragileekin, festa batzordearekin eta Emagin elkartearen laguntza tekniko espezializatuarekin, bi saio izango dira martxoan; gero, herriko jaien behaketa lana egingo da, eta, 2020an, gomendagarri diren aldaketak txertatzen hasiko da udala, eragileen eta herritarren laguntzarekin.

Oso lan garrantzitsua dela iruditzen zaigu, herriko festek gure jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztelako eta jaietan gizarte gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak agerian geratzen direlako (botere harremanak, indarkeria, rol banaketa...). Legorretan, urtean zehar asteburuetan eta baita herriko jaietan ere, parte hartzea handia da, eta eragileek lan handia egiten duzue horretan; beraz, udalarentzat ezinbestekoa da eraldaketa prozesu honetan zuen laguntza jasotzea eta elkarlanean herritar guztientzat jai parekideak marraztea.

  • Saioak:
    • Martxoak 7, osteguna, 18:00-20:00, udaletxean
    • Martxoak 14, osteguna, 18:00-20:00, udaletxean

Batik bat, eragile-antolatzaileei begira antolatu da saioa, baina interesa izan dezaketen herritar guztiek parte har dezakete. Zuen zain izango gara!

Legorretako Udala – Kultura – Berdintasuna

Martxoaren 8an ez da izango udal zerbitzurik
Nobedadeak antzokiko neguko egitarauan

Sartu