Menu

Legorretako udal gobernuaren oharra EAJk Echezarretarako proiektuaren gainean esandako gezurren inguruan

EtorkizuneanZer-9

Legorretako EAJk Echezarretako proiektuari buruz zabaldu duen oharra dela eta, EH Bilduk honako argipen hauek eman nahi ditu, ohar horretako gezurrak argitze aldera:

  • Legorretako udal gobernuak, 2015eko udazkenean, eskua luzatu zion EAJren udal taldeari, Echezarretan proiektu bat taxutze aldera. Hala, bi aldeak elkarrekin joan ginen Gipuzkoako Diputaziora. Hainbat bilera egin genituen erakundeekin, udal gobernuko eta EAJko kide bana han zela. Elkarlanerako borondatea, beraz, hasieratik agertu du udal gobernuak.
  • Bilera batzuen ondoren, EAJk joateari utzi zion, berak hala erabakita. Hala ere, hortik aurrera ere, ordura arte bezala, alkatetzak unean uneko informazioa bidali zion EAJri: bai bilera egunak, bai aurkeztutako dokumentazioa. Bidalitako mezu horien berri udalean jasoa dago. Informazioa unean-unean eman dio udal gobernuak oposizioari.
  • 2017ko aurrekontuei begira, EAJk proposatu zuen diru sail bat jartzea Echezarretarako. Udal gobernuak jakinarazi zion jadanik diru sail bat jarria zuela Diputazioak: Goieki agentziari eman zion dirua, proiektua aztertzeko. Hortaz, jada Diputazioak dirua jarria zuenez, ez zuen zentzurik Udalak diru partida bat onartzeak. Alkatearen eta zinegotzi guztien onespenarekin, erabaki zen ez jartzea diru partidarik, beraz. Diru partida jarria zegoenez, adostasunez erabaki zen Udalak ez jartzea diru gehiago.
  • 2017an zehar garatu da proiektua. Ekainean, proposamenaren muina garatuta zegoela, bilera baterako deia egin zitzaien EAJko ordezkariei. Bilera luzea izan zen, eta bertan azalpenak eman zituzten proiektua taxutu duten bi arkitektoek. Galderak egiteko aukera ere izan zen. Ez zen, beraz, “bilera labur bat” izan EAJk esan bezala. Ekainean aurkeztu zitzaien asmoa EAJko ordezkariei, arkitektoak eta guzti han zirela.
  • Proiektua irailean aurkeztu zitzaion aldundiari, EAJ jakinaren gainean zegoela. Abenduaren 2ko aurkezpen publikora joateko gonbidapena espresuki egin zitzaien EAJko zinegotziei. EAJko udal taldeko kide bat bera ere ez zen joan aurkezpenera.
  • Abenduaren 2an egindako aurkezpenean eman zituzten xehetasunak arkitektoek, eta agertu zuten proposamen irekia dela egindakoa, ekarpenak jaso nahi dituztela, eta garatu egin behar dela, herritar guztien artean. Aurkezpenera joaterik izan ez zutenek ikusgai dute ekitaldiaren bideoa. Proposamen irekia da Echezarretakoa, herritarren artean landu eta garatu beharrekoa.

EAJk oharra zabaldu zuen abenduko plenoaren atarian. Plenoan bertan ez zuten Echezarretari buruz ezer planteatu. Udal gobernuak, berriz, azalpenak eskatu zizkien EAJko zinegotziei, bai baitakite zabaldutako oharrean adierazi dutena faltsua dela. Ez ziren oharrean adierazitakoak defendatzeko gai izan.

Atsekabe handia hartu du udal gobernuak EAJren oharrarekin, gezurrezko jarrera bidegabea izan baitu Echezarretaren proiektuarekin. Hortaz, jokabide hori alboratu, eta behingoz herri osoaren aldeko lanera biltzeko eskatzen diogu.

Ikusgai dago Echezarretarako proposamenaren bideoa
N-1 errepide zaharra erabat itxi dute Itsasondo et...

Sartu