Menu

Legorretako Udalak ia 2,3 milioiko aurrekontua izango du 2024an, aurreko urtean baino %10,01 gehiago

Udaletxea

Pasa den 2023ko abenduaren 20an egindako Osoko Bilkuran onartu zen Legorretako Udalak 2024 urterako izango duen aurrekontua. Zehazki 2.260.890,29 eurokoa izango da, aurreko urtean baino 205.825,29 euro gehiago (%10,01). Aurrekontu hau EH Bilduren aldeko bost botorekin eta EAJren aurkako laurekin onartu zen.

Modu honetan banatzen da aurrekontua:

SARRERAK GASTUAK

Zuzeneko zergak (kontribuzioa, kotxeen zergak, enpresak...): 485.082 euro

Zeharkako zergak (lan baimenak): 20.000 euro.

Tasak eta bestelako sarrerak: 318.560,79 euro.

Transferentzia arruntak (diru laguntzak): 1.404.937,50 euro.

Ondare sarrerak (alokairua, errenta): 6.310 euro.

Kapital transferentziak (obretarako diru laguntzak): 53.000 euro.

Pertsonal gastuak: 708.285,66 euro (%31,33)

Gastu arruntak: 938.930 euro (%41,53)

Finantza gastuak (maileguen interesak): 11.000 euro (%0,49)

Transferentzia arruntak (diru laguntzak): 355.521,29 euro (%15,72)

Inbertsio errealak: 224.153,34 euro (%9,91)

Finantza pasiboak (maileguen amortizazioa): 23.000 euro (%1,02)

Legorretako Udalaren aurrekontuak garapen positibo izan du azken urteotan. Izan ere, 2018koaz alderatuz, 617.328,29 euro gehiago daude aurten. Urtez urte igotzen joan da, 2021ean Covid-19ak eragindako salbuespenarekin.

URTEZ URTEKO GARAPENA

2018: 1.643.562 euro

2019: 1.750.000 euro (+106.438)

2020: 1.860.000 euro (+110.000)

2021: 1.705.000 euro (-155.000)

2022: 1.892.000 euro (+187.000)

2023: 2.055.065 euro (+163.065)

2024: 2.260.890,29 euro (+205.825,29)

Inbertsioei dagokionez, udalak 224.153,34 euro bideratuko ditu, aurrez aipatu bezala.

INBERTSIOAK

Osasun etxearen eraberritzea: 100.000 euro

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO): 47.498,57 euro

Apaiz etxearen erosketa: 45.354,77 euro

Herri bideen konponketak: 20.000 euro

Udaleko web orria berritzea eta fitxaketa sistema ezartzea: 11.300 euro

Osasun etxeari dagokionez, bideratuko den kopurutik, 53.000 euro diru laguntzen bitartez jasoko da. Bestalde, Herri Antzokiko ekipoa hobetzeko 5.000 euro erabiliko dira. Gimnasioaren inguruko azterketa tekniko bat ere egingo da; herriko ekipamendu eta leku posibleen azterketa bat zehazki. Honetarako eta beste azterketa tekniko batzuk egiteko 24.500 euro erabiliko dira.

"Herri honen beharretara egokitutako aurrekontua"

Iñaki Agirre alkateak honako balorazio orokor hau egin du aurrekontuari dagokionez: "Herri honen beharretara egokitutako aurrekontua da aurtengoa. Pertsonal gastuak eta gastu arruntak kontutan edukita, ia aurrekontuaren %73a eramaten dute. Kontutan eduki beharrekoa da gastu arruntetan sartzen ditugula guretzako garrantzitsuak diren lehen mailako gizarte laguntzak, 165.500 euro. Hemen eguneko arreta zentroa, ‘Herria Bidelagun’ programa eta beste hainbat laguntza sartzen dira. Kultur ekintzek ere garrantzi handia dute gure herrian eta ekintza hauetara 127.000 euro bideratuko ditugu. Aurten, gainera, antzokian proiektore berri bat jartzeko 5.000 euroko gastua egingo dugu. Berritasun bezala, kale langileekin daukagun ezegonkortasuna kontuan izanik, aurten 30.000 euro jarri ditugu urtean zehar sortu daitezkeen beharrei aurre egiteko. Gure helburuetako bat gimnasio bat egitea denez, diru bat jarri dugu dauzkagun ekipamendu eta lekuen azterketa bat egiteko".

Bestalde, egingo diren inbertsioen azalpena ere eman du: "Osasun etxearen eraberritzea guretzat oso garrantzitsua da. Hau burutzean, harrerarako pertsona bat izango dugu eta gure osasun zentroa indartuta geldituko delako. HAPOaren prozesua ere martxan daukagu eta honetarako ere dirua bideratu dugu. Apaiz etxea erosteak herri erdian ekipamendu on bat edukitzea ekarriko luke, eta gure nahia hau erostea denez, diru bat bideratu dugu horretarako. Gelditzen zaigun beste diru kopurua herri bideen konponketarako, udaleko web orria berritzeko eta udalean fitxaketa sistema bat ezartzeko erabiliko dugu".

"Arazo ezberdinengatik" pasa den urtean burutu ez ziren ondorengo lanak egiteko dirua gorde da: "Ibai Ondoko zolatze lana, mugikortasunari eta irisgarritasunari dagozkien lanak, plaka fotovoltaikoen instalazio berri bat, Legorreta Zaharreko bide konponketa, eta hilerriko bidean eta plazako zoruan konponketa egiteko erabiliko da".

Mendiburue ekimena izango da asteburu honetan
Zergak eta tasak ordaintzeko laguntzak eskainiko d...

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu