Menu

Legorretako udalbatzak aho batez onartu du Martxoaren 8ko adierazpena

Martxoak-8

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Legorretako Udalaren adierazpena:

Urteetan mobilizazio ugari egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea.

Beharrezkoa da, behingoz, emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun.

Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desberdintasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desberdintasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren, orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez. Premiazko egoera horretan, erabateko konpromisoa hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde.

Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz, politika feministetan aurrerapauso sendoak emateko eta eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzeko. Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, era berean, udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko: emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntu hartuta, arlo askotako politika feministak ditu abian, emakumeen bizitzak zeharka hobetzeko helburuz, eta arreta berezia jartzen du egoera ahulago batean dauden emakume-kolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Legorretako Udalak honako hau erabaki du:

1- Emakumeen eta gizonen artean berdintasun eraginkorra lortzeko bidean, neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:

◦ Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatu ahal izateko.

◦ Arlo publiko nahiz pribatuan udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea, genero ikuspegi batetik, eta neurriak martxan jartzea, besteak beste, zaintzen aitortza soziala eta gizon eta emakumeen erantzukidetasuna bultzatzeko eta udaleko gizarte zerbitzuen lana garatu eta hobetzeko, lan baldintza duinak bermatuz, bereziki etxez etxeko laguntza zerbitzuan.

2- Lan espazio bat sortzeko prozesu parte hartzaile bat abiatzea, non udaleko teknikari eta politikariek, mugimendu feministak eta hezkuntza, osasun edo arlo sozialeko beste eragile batzuek parte hartuko duten. Espazio horrek berdintasun politika publikoen diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu (tartean, indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, jai parekideak, kanpainak eta abar), eta arreta berezia jarriko du parte-hartze politikorako zailtasun bereziak dituzten emakume-kolektiboen parte-hartzean.

Azkenik, udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

Tokiz aldatu dira arropa zaharrak eta olio erabili...
Salgai daude Skakeitan taldearen kontzerturako sar...

Sartu