Menu

LGTBI komunitatearen aldeko adierazpena onartu du udalbatzak

IMG_9571

Ekainaren 28an, LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Egunean, haren aldeko adierazpen hau onartu du udalbatzak, osoko bilkuran, aho batez:

49 urte igaro dira Stonewalleko erreboltaz geroztik. 1969ko ekainaren 27tik 28rako gauean, New Yorkeko Polizia Stonewall izeneko pub batean sartu zen, transexual, lesbiana, gay eta bisexualak atxilotzeko. Euren eskubideak defendatzeko elkartzen ziren lehen aldia ez bazen ere, data hori mugarri bihurtu zen diskriminazio- eta ikusezintasun-testuinguru batean: LGTBI+ pertsonek euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko antolatu zuten borrokan katalizatzaile bat izan zen. Orduz geroztik, ekainaren 28an LGTBI+ pertsonen sexu askapenerako nazioarteko eguna ospatzen da: dibertsitatea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Gaur egun, oraindik ere, LGTBI+ pertsonek mota guztietako diskriminazioak jasaten dituzte, askotan indarkeria barne: sexu orientazioagatiko edota genero identitateagatiko gorroto delituak, heterosexualitatea arau gisa inposatzen dela agerian uzten duten hainbat diskriminazio eta eraso, trans kolektiboaren patologizazioa, trans diren haur eta nerabeentzako arreta egokirik eza, eta abar. Ez dugu ahaztu behar bidegabeko errealitate diskriminatzaile hori askoz handiagoa dela pertsona askorentzat euren arraza, jatorria, egoera administratiboa edota sozioekonomikoa direla medio. Oraindik ere, hori gertatzen ari da gure gizartean, eta gure betebeharra da LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko lan egitea. Araudiari eta ekintza espezifikoak martxan jartzeari dagokienez aurrerapausoak eman diren arren, oraindik lan asko egin behar da LGTBI+ pertsonek euren eskubide guztiez egun guztietan goza dezaten defendatzeko eta sexualitatea eta generoa bizitzeko modu eta adierazpen guztien normalizaziorantz beharrezko gizarte aldaketa gauzatzeko.

Egun honetan ezin dugu ahaztu Euskal Herrian LGTBI+ mugimendua eta mugimendu feminista osatzen duten pertsona guztien borrokaren aldarrikapena; izan ere, eguneroko zereginean, eta diskriminazio mota oro ezabatzeko lan eginez, gizarte benetan bidezkoa, berdinzalea eta feminista eraikitzeko funtsezko ekarpena egiten baitute. Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta gizarte ordezkariekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin. Funtsezko giza eskubideez, norberaren identitatea definitzeko eta identitate hori askatasunez bizitzeko eskubideaz ari gara.

Horregatik, Legorretako Udalak konpromisoa hartzen du honako hau egiteko:

1) Bere politiketan sexu aniztasuneko eta genero identitateko ikuspegia sartzea, eta zehazki:

- Diskriminazioaren prebentziorako eta identitate eta praktika sexu-afektibo ez-heteroarautzaileak, askotarikoak eta askatasunean egindakoak garatzeko ekintzak barnean hartzen dituzten hezkuntza feminista baterako programak martxan jartzea, beharrezko baliabideak bermatuz.

- Diskriminazioa jasaten duten LGTBI+ pertsona guztiei eta, bereziki, beren sexu, arraza, jatorri, egoera administratibo eta abarrengatik ahulagoak diren pertsonei sozialki, psikologikoki, juridikoki eta ekonomikoki laguntzeko beharrezko baliabide guztiak ematea.

- EAEn LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa osoa eta araudiaren garapen egokirako beharrezko baliabide guztiak bermatuko dituen araudi espezifiko bat martxan jartzeko eskaera egitea.

- LGTBI+ adineko pertsonen arreta egokirako zerbitzuak sustatzea.

- Gure eskumenen esparruan, beste leku batzuetatik iristen diren eta beren sexu orientazioaren edota genero identitatearen ondorioz jazarpena jasaten dutela adierazten duten pertsona guztientzako arreta osoa eskaintzea.

- Mugimendu LGTBI+ eta feministekin etengabeko komunikazio eta lankidetza kanalak mantentzea, eta ekimen bateratuak martxan jartzeko baliabideak erraztea. Era berean, aurreko ekintza horiek guztiak mugimendu horiekin kontrastatzea.

Herritarrei dei egiten diegu LGTBI+ mugimenduak eta mugimendu feministak gure udalerri eta hirietan antolatzen dituzten ekintzetan parte har dezaten.

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!

Patxi Ezkiaga idazle eta Legorretako seme kutuna h...
Baratzeko produktuen gaixotasun eta izurriteei eko...

Sartu