Menu

Oharra: arduraz jokatzen segitzeko deia

b2ap3_large_virus-4937553_1920

Urtea bete berri da pandemia lehertu zela, eta Legorretan oraintsu izan dugu orain arteko egoera zailenetakoa: azken hilabetean 33 herritar kutsatu dira, eta 100.000 biztanleko tasa 1.500 baino handiagoa izan da aste batzuetan. Badirudi pasatu dela igoaldi hori, baina ezin gara erlaxatu: birusa oso azkar hedatzen da. Horregatik, eta ikusita herritar batzuk lasaikeriaz jokatzen ari direla, arduraz jokatzeko deia egin nahi du udalak berriro.

Urte zaila izan da: herritarrak joan zaizkigu, ugari gaixotu dira, lanik gabe eta egoera zailean daude hainbat, konfinamenduaren eragina oraindik jasaten ari dira zenbait… Konfinamenduko hilabeteetan, jarrera eredugarria erakutsi zuten herritar ugarik: ez dira ahaztekoak sortutako elkartasun sareak, bizilagunak zaintzeko eta babesteko egindako lana, eta herri giroari eusteko antolatutako ekintzak. Benetan txalotzekoa izan zen hura.

Egoerari aurre egitea izan da Legorretako Udalaren lehentasuna urte honetan, hainbat arlotan. Azken asteetan, herriko osasun egoerari aurre egiteko, eta udalaren eskariz, baheketa egin du Osakidetzak, birusaren hedapena eteteko asmoz. Aurrerantzean ere horretan jarraituko du udalak, eta, besteak beste, Osakidetzari eskaini dio frontoia eta kiroldegia erabiltzea herritarrei txertoa ezartzeko, prozesua azkar eta seguru egin dadin.

Herritar gehien-gehienek egoki jokatu dute, prebentzio neurriak eta arauak betez, baina badira jokabide desegokiak dauzkaten herritarrak ere: maskararik gabe ibiltzen direnak, segurtasun tartea zaintzen ez dutenak, ezarritakoa baino talde handiagoetan elkartzen direnak, etxeratze agindua errespetatu gabe gauean kalean edanean egoten direnak… Ez dira onargarriak azken egunotakoak: jende talde handiak egunez eta gauez, kalean egon ezin den garaian musika kalean, plaza inguruan botilak eta plastikoak botata… Jokabide horiek ez dira gizalegezkoak, ez dira legezkoak, ez dira errespetuzkoak, eta herritarren artean ezinegona eta haserrea eragiten dute. Udalak, beste behin, arduraz jokatzeko eskatu nahi die legorretar guzti-guztiei, eta bete ditzatela prebentzio neurriak: maskara jarri, distantzia zaindu, eskuak garbitu, mahai berean lau lagun baino gehiago ez bildu, ordutegia bete.

Urte luzea izan da denontzat, zaila. Baina ezinbestekoa dugu arduraz aritzea, jokabide zibikoari eustea, geure burua eta ingurukoak zaintzea. Azken asteetan Legorretan argi ikusi dugu zein erraz zabaltzen den birusa. Hori eragotzi behar dugu, eta denok egin behar dugu ahalegina horretan. Zugatik, gugatik, denongatik: zaindu, eta hartu neurriak.

Gurasoentzako hitzaldia: Nola lagundu umeei beren ...
Ipuinaren ordua asteazkenean, Maite Frankorekin

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu