Menu

'Panpina' antzezlana larunbatean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

panpina-5

Larunbat honetan, hilaren 14an, Panpina antzezlana izango da Herri Antzokian, Kamikaz kolektiboaren eskutik. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu du udaleko Berdintasun sailak. 18:30etan izango da emanaldia, doan. 14 urtetik gorakoentzat da; gazteagoek, nahi izatekotan, adin nagusikoek lagunduta joan beharko dute.

Sinopsia: Erika Rooibos aktore ospetsua da. Gaur bere publiko guztia gonbidatu du antzoki honetara: iritsi da mundu guztiaren aurrean egia esateko momentua. Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibosek maitasuna egingo du bere itzalarekin.

Aurkezpena: Antzezlan honetan gai sakonak topatuko ditu ikusleak, umorea eta performance kutsuko aktore lan fisikoaz lagunduta: noiz bilakatzen da norbera panpin eguneroko bizitzan? Zer pasatzen da panpin baten burutik? Noiz behar dugu begiratu gaitzaten, eta zergatik? Emakume oro da panpina? Besteen begiradak egiten gaitu panpin? Edozein pertsonak du maitatua izateko beharra. Baina zertarako gaude prest hori lortzearren? Beldurrak, ingurukoen iritziarekiko dependentzia... Besteen begiradaren aurrean panpina izatea menpekotasun keinu bat da, ala askatasun adierazpen gorena? Erika Olaizola aktorearen bulkadaz sorturiko antzezlana da Panpina. Oier Guillan idazlearen kanpo begirada eta Leire Arenas artistaren zentzu espaziala baliatuz, hirurak elkartu eta sortze prozesua abiatu zuten. Bide horretan Kulturaz kooperatibak emandako laguntza izan zuten ezinbesteko bultzada. Oholtza gainean Erika Rooibos aktorearen argi-ilunak erakutsiko dituen lana da Panpina, baina, era berean, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo bezain probokatzailean agerian jarriko dituena.

'Jaiak berdintasunean' prozesuaren aurkezpena eta ...
Festak antolatzeko lehen bilera astelehenean

Sartu