Menu

Positiborik ez da atzeman baheketan

eskerrak

Asteazken arratsaldean herrian egindako baheketaren emaitzak iritsi dira, eta berri pozgarriak izan dira: 471 test eginda, ez da positiborik atzeman. Albiste ona da, zalantzarik gabe, baina erne jarraitu behar dugu hemendik aurrera ere: egunotan ikusi dugu zeinen erraz zabaldu daitekeen birusa. Beraz, jarraitu neurriak hartzen, elkar zaintzen: zugatik, gugatik, denongatik.

Legorretako Udalak eskatu zion Osasun Sailari herrian baheketa bat egiteko, ikusita zenbat positibo azaltzen ari ziren: baieztatu nahi genuen herrian ez zegoela oraindik atzeman gabeko kasurik. Osasun Sailak onartu egin zuen udalaren proposamena, eta, osasun irizpideak aplikatuz, erabaki zuen 40-80 urte arteko herritarrei egitea probak, positibo gehienek adin horiek baitituzte.

Herritarren erantzuna bikaina izan da benetan: 800 legorretar dira 40-80 urte bitartekoak, baina multzo horretatik kendu behar dira positibo eman dutenak, haien kontaktuak eta beste arrazoi batzuengatik egunotan proba egin behar izan dutenak. Esan dezakegu, beraz, testa egitera deitutakoen artean hirutik bi joan direla. Osasun arduradunek espero baino portzentaje handiagoa da. Eskerrik asko, beraz, guztioi. Esker berezia merezi dute baheketa posible egin duten osasun langile, udal langile eta erakunde guztiek ere. Mila esker.

Lasaitasuna hartu dugu orain, baheketaren emaitza ikusita, baina horrek ezin gaitu inolaz ere eraman lasaikeriara: egunotan ikusi dugu birusa zeinen erraz eta azkar heda daitekeen herrian. Beraz, ezinbestekoa da aurrerantzean ere prebentzio neurriak hartzea: distantziak errespetatzea, maskara erabiltzea, eskuak garbitzea. Eta, jakina, positibo emanez gero edo osasun langileek konfinatzeko agindua emanez gero, jarritako epea pasa arte etxean egotea.

Jarrai dezagun elkar zaintzen: zugatik, gugatik, denongatik.

Baheketa: informazio eguneratua
COVID-19a atzemateko baheketa Legorretan

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu