Legorretako Udalak, berdintasun sailetik, LGBT+ komunitatearen diagnostikoa egiteko proiektua jarri du martxan.
Historian zehar, gure kulturan, ez dira aintzakotzat hartu arau heterosexualetik kanpo dauden orientazio afektibo eta sexualak, ez eta genero identitate desberdinak dituzten pertsonak ere, eta estatuko botere indarrek eta gizartearen gehiengoak diskriminatu egin dituzte. LGBT+ komunitatea orain hamarkada batzuk baino askatasun handiagoarekin bizi da egun, baina oraindik ere nagusi dira ezin ulertua, aurreiritziak, diskriminazioa eta fobia ugari.
Legorretako Udalak, 2020ko ekainaren 28an egin zuen adierazpenean, berretsi egin zuen LGBT+ herritarren eskubideak urte guztian bermatzeko konpromiso politikoa.
Herri honek orain arte ez ditu izan LGBT+ pertsonei begirako politika espezifiko edo zeharkakoak, eta, hain justu, hori aldatzeko abiatu da prozesu hau. Diagnostiko hau lehen pausoa da LGBT+ herritarren eskubideak bermatuko diren agertoki batera iristeko.
Horretarako, herrian dauden LGTBI pertsonak identifikatuko dira, jakiteko ea beren eguneroko bizitzan eta esparru ezberdinetan zer egoera bizi dituzten. Hau da, LGTBI kolektiboko kide izateak egunerokoan nola eragiten duen eta Legorretan komunitate honek zer errealitate bizi duen. Herriko mapa bat egingo da, LGTBI komunitateko pertsonen ezaugarrien eta bizimoduaren inguruan.
Honako ikerlari hauek egingo dute diagnostikoa: Zuriñe Rodriguez Sudergintza elkarteko ikerlariak eta Ibai Fresnedo Hiruki Larroxa elkarteko ikerlariak: adituak dira LGBT+ politiketan, politika publikoetan eta teoria feministan.
Proiektuak hiru fase izango ditu: lehenik, LGBT+ agente eta pertsonen identifikazioa; bigarrenik, landa lana, eta, hirugarrenik, datuen interpretazio eta erredakzio fasea.
Landa lana garatzeko, aurretiaz LGTBI populazioa osatzen duten sektoreen arteko banaketa egingo dute. Hiru sektore nagusi izango dira:
- Sektore gehiengodunak (adin ertaineko lesbianak eta gayak)
- Sektore gutxiengodunak edo gutxiago aztertutakoak (pertsona transexualak, adineko pertsonak, amak eta aitak, bisexualak, gizonezkoekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak)
- Gizarte bazterketako arriskuan dauden sektoreak (migranteak, sexu langileak, gay seropositiboak, intersexualak)
Identifikatutako hiru sektore horiez gain, zazpi analisi unitate ere zehaztu dituzte:
- Espazio publikoaren erabilera
- Hezkuntza
- Lan arloa
- Osasuna
- Aisialdia
- Parte-hartze politikoa
- Nahitaezko migrazioa
Diagnostikoa egiteko metodologiak bi forma izango ditu: sakoneko elkarrizketak eta talde eztabaidak. Ikerlariek azpimarratu dute parte hartzaileen anonimotasuna gordeko dutela. Haiekin kontaktuan jartzeko, martxan dago helbide bat:
Rodriguezek azpimarratu du erronka ikaragarria dela, Euskal Herrian aurreneko herri txikia delako Legorreta halako diagnostiko bat egingo duena. Herri handiagoetan egin dira, Errenterian, Gasteizen... baina ez herri txikietan, eta erronka bat izango da denentzat.
Eta, gero eta herritar gehiagok parte hartu, orduan eta aberatsagoa izango da emaitza. Beraz, animatu!
Bestalde, gaian murgiltzeko, eta sexu askapenaren nazioarteko egunaren testuinguruan, ekainaren 24an, solasaldi bat izango da Herri Antzokian: Legorretan ba al dago armairurik? Bertan, bi ardatz nagusi jorratuko dira. Batetik, diagnostikoa bera eta horren nondik norakoak, eta, bestetik, LGBTI+ politikak eta horien garrantzia herri txikietako errealitateetan.
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/