Menu

'Suak harrotuz' ibilbide antzeztua igandean

Suak-Harrotuz

Solstizioa, ohiturak eta emakumeen lana aitortzeko ibilbide antzeztua da Suak Harrotuz, Zumardia elkarteak sortutakoa. Legorretan, igandean eskainiko dute, hilaren 26an, kiroldegitik abiatuta. Ordu erdiko ikuskizuna da, eta hiru txanda izango dira: 18:00etan, 18:30etan eta 19:00etan. Txanda bakoitzean gehienez hogei pertsonak parte har dezakete, eta, egoki antolatu ahal izateko, aurrez izena eman behar da FORMULARIO HONETAN edo udaletxean. Ostirala izango da horretarako azken eguna.

Oharrak:

- Ibilbidea hasteko, kiroldegian elkartuko gara aukeratutako orduan.

- Ibilbideak hiru gune izango ditu herrian zehar banatuta (ibilbide osoa izango da irisgarria).

- Adin guztientzako emanaldia da.

Suak Harrotuz

Emanaldiaren azalpena:

"Ekainaren 23a egun berezia izan ohi da euskal herritarrontzat. Herri eta txoko guztietan suak piztu ohi ditugu, kontu zahar, mingarri, eta abar sutara botaz eta berriei lekua eginez. Festa egunak izaten dira nonahi.

Eguzkia bere puntu gorenean egoten den egun hauetan, mende eta mendeetako gizakiak gogoeta handiak egin izan ditu bizi-gurpilaz, ama-lurraren zikloaz, emankortasunaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, ilargiaren aldiez, denboraren mugagabetasunaz, naturaren indarra menperatzen zuten jainko eta jainkosez… Oraindik, bizirik diraute gogoeta horiei loturiko hainbat errituk.

Ibilbide honekin, beraz, Udako Solstizioak garai hauen ospakizunean duen lekuaz baliatuz, jai hauen jatorrira joan nahi dugu, eta sasoian sasoiko naturaren egoeraren isla diren erritu zaharrak eta oraindik bizirik daudenak berreskuratu.

Baina ez hori bakarrik; izan ere, nagusiki gaitz eta izpiritu txarrak uxatzeko erritu hauekin loturik, berebiziko lekua hartzen baitu sorginaren figurak. Sorginak, oro har, emakume gaizto, itsusi eta zaharrak; edoeta bere edertasunaz baliatuz hirugarrenak (gehienetan gizonak) sorgintzen zituztenak.

Ikuspegi hori irauli eta ibilbide honetan, bere gorputzarekin eta naturarekin konexio handia zuen emakumearen irudia indartu nahi da, naturaren zikloen eta sendabelarren ezagutza zutenena, sendalariarena, ugalketa prozesuak ezagutzen zituzten emaginena... Komunitatearentzat boteretsuak ziren emakumeena, alegia".

Bizikleta ikastaroak izango dira uztailean
Mahai eta aulkiak eska daitezke San Joan bezperara...

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu