Menu

Udalekuak martxan bihartik aurrera

b2ap3_large_legorretako-udaleku-irekiak

Asteazkenean positibo eman zuen Legorretako udalekuetako begirale batek, eta, behin-behinean, jarduera etetea erabaki zuen udalak, egoera argitu arte. Bihar berriro hasiko dira, konfinatuta dauden begiraleen ordezkoekin. Guztiei egin zaizkie probak, eta negatibo eman dute.

Hona hemen zein izan diren azken egunetako urratsak:

  1. Asteazken gauean jakin genuen begirale batek positibo eman zuela. Behin-behinean, udalak erabaki zuen udalekuak etetea, egoera argitu arte.
  2. Ostegun goizeko lehen orduan, Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin harremanetan jarri zen udala, egoera aztertu eta adituen irizpideak jasotzeko. Hark erabaki zuen 5 urteko talde bat konfinatzea (begirale horrekin egon zirenak; begiralea maskararekin egon zen, baina umeak, Haur Hezkuntzakoak direnez, maskararik gabe), eta zazpi begirale ere konfinatzea, kontaktu zuzena izan zirelako. Konfinatutako guztiek egin dute PCR proba, eta negatibo eman dute. Datozen egunetan egingo dute proba berriro, konfinamendua amaitzeko.
  3. Kontaktu zuzen gisa izendatu ez dituzten begiraleei ere egin diete PCR proba, udalak ordainduta, eta denek eman dute negatibo.
  4. Ikusita begiraleak falta zirela, udala aztertzen hasi zen zein aukera zeuden udalekuei berrekiteko, kontuan izanda ezinbesteko zerbitzua dela. Hain justu, herriko talde batek bere burua eskaini du begiraleak ordezkatzeko; aurreko urteetan begirale izandako herritarrak dira. Boluntario horien konpromisoa eskertu eta txalotu nahi du udalak.
  5. Badaezpada, udalak ordainduta, PCR proba egin dute boluntario horiek ere. Denek eman dute negatibo. Txertoa hartuta daude boluntario horiek.
  6. Hortaz, udalekuei ekiteko behar adina begirale badaudenez eta proba guztiek negatibo eman dutenez, udalekuak berriro martxan jartzea erabaki du udalak.

 Jakin badakigu hartutako erabakiak gogorrak izan direla hainbat umerentzat eta haien familientzat, baita begiraleentzat ere; une oro Osasun Sailaren irizpideak bete ditu udalak, harena baita gai hauen eskumena. Espero dugu datozen egunetan probak egin ondoren berriro bueltatu ahalko direla ume eta begirale horiek udalekuetara.

Xendapedalak bizikleta parkeko irudiak
Ostegunean inauguratuko da Xendapedalak bizikleta ...

By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/

Sartu