Ostiralean Patxi Ezkiaga Kultur Etxean oso saio interesgarria izan genuen. Udalak antolaturik Oroimen Historikoaren inguruko hitzaldiak herriko 70 lagun inguru bildu zituen. Bakartxo Mendez alkatearen agurrarekin hasi zen saioa eta ondoren Aritza Kultur Elkarteko Esti Amenabarrok hartu zuen hitza. Billabona herrian Gerra zibila eta Frankismoaren bilakaerari buruz mintzatu zen. Badira hiru urte lanean hasi zirela eta emaitza argitaratzeko bidean da. Amenabarroren hitzetan Frankismoaren ezagutza eta bereziki gerra zibilaren ezagutza oso murritza da. Galtzaileen bizitzari buruz dakiguna berriz hutsa. Ikerketa hau egiteko proposamena adostu zutenean galtzaileen historia berreskuratzeko hautua egin zuten. Ikerketa historikoa egiteko zailtasunaz ere mintzatu zen, batik bat errepresio maparen ebidentziak eta dokumentuak aurkitzeko orduan.
Bestetik, Legorretako Oroimen Historikoa egiteko proiektuaren aurkezpena ere egin zen. Herriko 14 lagun dira proiektu honetan lanean eta Oroimen Historiko kolektiboa osatzeko asmoa azaldu zuten. Hiru asmo bete nahi dituzte, lehenik, Gerra zibilaren eta Frankismoaren bilakaera herrian jasotzen duen historia liburu baten idazketa. Bestetik herriko emakumeen bizipenen bilduma eta amaitzeko, protagonista izan direnen elkarrizketak dokumental batean bildu nahi dutela azaldu zuten. Proiektua urte betez luzatuko da eta Legorretako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du. Aurkezpenak herritarren partehartzea eskatzeko asmoa zuen. Adierazi zutenez guztien babesa beharrezkoa da herriaren historia guztiona delako.
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/