Bilkoin Legorreta areto futboleko Gipuzkoako 1. mailako txapelduna da, pasa den larunbatean Errenterian jokatuko finalean Ventanas Isu taldea 6-4 menderatu ondoren. Legorretarrek ez zioten batere ondo ekin partidari, eta lehen zati kaskarra eginda, 0-3 ziren atzetik markagailuan atsedenaldian. Aldea handia zen, akaso zelaian izandakoa baino handiagoa, baina hortxe zegoen. Ez zen batere makala herritarrek aurrean zuten erronka, eta zalegoaren erantzuna ikusita, ezin zen amorerik eman inondik inora.
Bigarren zatian legorretarrek hartu zuten jokoaren ekimena, eta pixkanaka-pixkanaka arriskua sortzen hasi ziren Lasarte-Oriakoen atearen aurrean. Ordea, Javiri bigarren txartel horia erakutsi zion epaileetako batek, jokalari bat gutxiagorekin geratuz Bilkoin bi minutuz. Aurkariak aukera aparta zuen lehia guztiz erabakita uzteko, baina ez zuen jakin abantaila gauzatzen eta herritarrek bizirik jarraitzen zuten, egoera iraultzea oso zaila izango zela jakinik. Adurrek 20 minutu baino zertxobait gutxiago falta zela sartutako golak itxaropena piztu zuen legorretarren artean. Herritarrek, zaleen bultzadarekin, fedez eta ilusioz beteta berrekin zioten lehiari, eta bide horretan, saria lortu zuten. Urtzik egin zuen 2-3koa, eta handik gutxira etorri ziren Keparen berdinketa eta Mikelen laugarrena. Sinestezina zirudien arren, jokalari legorretarrek bost minutuan partidari buelta ematea lortu zuten, harmailetan eromena sortuz.
Egindako lanari jarraipena eman behar zitzaion ordea, eta ez zegoen lasaitzeko astirik. Aurkariak lehia berdindu nahi zuen eta atezaina ere erasoko jokora pasa zen, baina herritarrek ondo baliatu zuten lasartearren huts bat eta Mikelek sarera bidali zuen bere ate ondotik egindako jaurtiketa 5-3koa markagailuratuz. Gertu zegoen legorretarren garaipena, bi goleko aldea eta lau minutu besterik ez baitziren falta finala bukatzeko.
Dena den, aurkariak 5-4 hurbiltzea lortu eta emozio gehiago eman zion neurketari. Egindakoa eta gero, Bilkoinek eutsi beharra zion garaipenak ihes ez egiteko, eta hala izan zen zorionez. Lasarte-Oriako taldeak ez zuen lortu bosnakorik, eta aldiz, Adurrek seigarrena egin zuen legorretarrentzat. Amaieran 6-4, Bilkoin Legorreta Gipuzkoako 1. mailako txapeldun, urte bikainari amaiera ezinhobea emanez. 26 partida jokatu dituzte herritarrek aurtengo denboraldian eta ez dute partida bakar bat ere galdu. Horra hor gogoan izateko marka.
Arrakastaren bidean zalegoaren babesik ez zaie falta izan, larunbateko giroa azpimarratuz. Adin guztietako herritarrek bat egin zuten talde legorretarra garaipenerantz bultzatuz, eta baita lortu ere. Une hunkigarriak bizi izan ziren Azintzio jaien bezperan. Datorren denboraldian Euskal Ligan ariko da herriko taldea lehen aldiz. Lorpen handia, zalantzarik gabe. Horretarako lanari ekin aurretik ordea, ospatzeko eta gozatzeko garaia da. Aupa Bilkoin! gora Legorreta!
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/