Urteko hirugarren odol ematea izan da aste honetan. Ohi ez bezala, bi aukera izan dira. Asteartean bata, azaroaren 18an, eta ostegunean bestea, azaroaren 20an.
Asteartean, 96 emaile joan ziren odola ematera, eta 84k eman ahal izan zuten. Horien artean, gainera, bost emaile berri izan ziren. Ostegunean, berriz, 'Odola emateko autobusa' etorri zen Legorretara, lehen aldiz, eta 26 emaile joan ziren ematera. Horien artean, hemeretzik eman zuten, eta bost emaile berri izan ziren. Autobusa etortzeak aukera eman du emaile gehiago joateko, eta oso balorazio ona egin da. Legorretako elkarteak ez ezik, Gipuzkoakoak berak ere balorazio ona egin du, eta ahalegina egingo da aurrerantzean ere autobusa ekarri eta ahalik eta jende gehien biltzeko.
Horrez gain, eginahal berezia egin da herriko etorkinekin ere. Dar-dar Produkzioak herrian lantzen ari den Aniztasunaren Bidetik Proiektuarekin elkarlanean, herriko hainbat etorkini gonbidapena egin zitzaien odola ematera joateko. Astearte arratsaldean, Bilkoin elkartera joan ziren, Odol Emaileen Elkarteak arratsaldeko meriendak nola prestatzen dituen ikustera. Batzuk, gainera, animatu ere egin ziren, eta odola emateko proba egin zuten. Oso esperientzia ona izan da, errepikatzeko modukoa.
Emaitzak oso onak izan dira. Beraz, eskerrik asko odola ematera joan zineten guztioi!
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://www.legorreta.eus/