'17. logela' ihes gela egongo da Legorretan apirilaren 28an
17 Apirila 2024
Legorretan egingo du geldialdia Udalak 'Euskaraz Barra-Barra' proiektuarekin elkarlanean antolatutako ihes gela ibiltariak. '17. logela' izena dauka, eta esteka honetan ikusi daitezke ihes gelaren inguruko xehetasun gehiago. Apirilaren 28an, igandea, izango da gurean.
Esteka honen bitartez erreserbatu beharko da, eta gehienez, bost lagunek parte hartu dezakete saio bakoitzean, espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko. 16 urtetik gorako euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork mugarik gabe parte hartu dezake ihes gelan. Gurpildun aulkia behar dutenek ere irisgarritasuna bermatuta dute. 40 minutuko iraupena izango du saio bakoitzak.
Honela dio ihes gelaren sinopsiak: "Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko. Ahaztu estresa, ahaztu arazoak, ahaztu kezkatzen zaituen guztia… Zatoz 17. logelara. Lehen 40 minutuak dohainik dira, gozatu, eta amets on!".