Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Historia

Historia

Legorretako historiaren eta Gipuzkoako beste herri askoren jatorriek apenas desberdintasun nabarmenik duten. Nahiko erraz soma genezake, zehaztu gabeko garai batean, ibai ertzetan eta gure mendi-muinoetan, Legorreta etxearen edo oinetxearen inguruan ezarriko zirela lehenengo familiak. Jakin badakigu etxe honetako semea zela Sebastian de Legorretazarra, Bizkaiko konde eta jaun Lope de Haroren gudarosteko militarra berau. Lope Martinez de Salazar famatuak egiaztatzen duenez Gaztelako Fernando III.ren zerbitzuan izan zen 1227ko Baezako hartzearen gudan; beti ere, "Madril Hiriko Geronimo arma-erregeak" ziurtaturiko errege-intsignietan Legorretazarrari buruz agertzen dena oinarri hartuz.

Hala, bada, Legorreta oinetxe zaharraren inguruan, herriaren esanetan Legorretazarra bada ere, beren jarduera nagusia nekazaritzara zuzendurik zuten etxe multzo bat agertu zen, bertakoek Legorreta deituko zutena.

Dena den, 1399. urtean Legorreta Villafrancari (gaur egun Ordizia) biltzen zaionean "herrixka" gisa lotzen zaio. Hau da, etxe multzo txiki bat eta, akaso, eliza txiki edo ermita zuten toki gisa. Ordurako, Gipuzkoa osatutako lurralde-errealitate bat zen, probintzia-ermandade gisa osatzeko prozesuan murgildurik bizi zena. Donostiak bi mendetik gorako bizia zuen ordurako, Nafarroako Antso Jakituna erregeak 1180. urte aldera sortu baitzuen, bere erreinuari itsasorako irteera bermatzeko helburuarekin.

XIV. mende amaierako urte haietan segurtasun eza eta agintaritza eza ziren nagusi eta, hain zuzen ere, garai egokia izan zen herrixka eta barreiaturik zeuden jende-guneak biltzeko.

Behin herrialdea baketu ondoren eta Nafarroarekiko harremanak bareturik, XVII. mende hasieran Villafrancari loturik zeuden herrixkek ez dute batasun horri eusteko arrazoirik ikusten eta beren eskumen administratiboa berreskuratzeko borondatea agertzen dute.

Azkenean, 1615. urtean Legorretak Ordiziarekin zuen batasun hori hausten du. Eta hala bere historia berekaxa egiten hasten da. Legorretak "Herri Noble eta Leial" titulua jaso zuen 1615eko otsailaren 4ko Errege pribilegioaren indarrez. Horretarako, bertan bizi ziren 108 familien artean 25 dukat ordaindu behar izan zizkioten Erregeari eta beste 150 eskriturengatik (Serapio Mujika historialariak kalkulatu zuenez 7.425 pta, baina 1918ko pezeta).

Bereizketarako egin zen agiri hartan ageri da Legorretako lehen errolda. Agiriaren oinean ondorengo bizilagun horiek sinatzen dute: Martín Gonzalez, Lope Iñiguez de Garicano (bere ogibidea konstaraziz: harotza), Miguel de Mucurullo, Pedro Ibáñez de Eguino, Juan de Aljobin, Ochoa de Urdaneta, Juan Martinez de Aulia, Juan de Beretesagasti, Juan Garcia de Oriar, Ochoa Beltrán de Donemiamor, Juan Míguelez de Alzaga, Juan Astiz de Eguinobarrena, Juan de Asiarain, Martín de Iriarte, María de Eguino (emakumezko bakarra), Juan de Duramia eta Miguel de Beretesagasti.

ANTXON AGIRRE SORONDOk idatzitako LEGORRETA. BIZITZA IBAIARENBIRAGUNE BATEAN izenburudun liburutik hartua.

historia2