SATTO kultura elkarteak Ander Zubillaga musikariaren eta Pèl de Gall taldearen kontzertuak antolatu ditu larunbat honetarako, apirilak 27. Herri Antzokian izango da, eta 18:00etan hasiko da lehen kontzertua. Ez da aurresalmentarik egongo, eta ondorioz, egunean bertan erosi beharko dira antzokiko leihatilan. Sarrera bakoitzaren kostua 5 eurokoa izango da.
Ander Zubillaga musikari tolosarrak 'Itsasoan ametsak' diskoa kaleratu zuen pasa den azaroan, eta urtarrilean aurkeztu zuen Tolosan. Elkarrizketa baten adierazi zuen bezala, proiektu berezia izan da lehen lana: “Proiektu askotan parte hartu izan dut, baina hau bezalako barruko nerbiosismo hau ez dut izan orain arte. Disko hau nik buruan beti nuen, banekien nire abestiak kaleratu nahi nituela, nahiz gutxi izan, baina zerbait nirea zena, niretzako egina”.
Pèl de Gall talde menorcarra Bartzelonan sortu zen 2009an. Bere musika mota jai-giroko rocka da, indartsua eta animatua. Letrak freskoak, dibertigarriak eta gai askotakoak dira, eta eguneroko bizitzako egoerak, jaietako gauak, maitasuna eta desamodioa, eta esperientziak eta sentimenduak deskribatzen dituzte. Taldea Frank Pons (ahotsa eta gitarra), Ernest Martí (gitarra), Xavier Martí (baxua), Biel Janer (teklatuak) eta Eduard Florit (bateria) musikariek osatzen dute.



