Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Ateak Ireki ekimena Goierriko familien bila dabil

Ateak Ireki ekimena Goierriko familien bila dabil

29 Otsaila 2024

Bigarrenez antolatu da aurtengo udarako Ateak Ireki ekimena. Iaz ekin zion programak, eta 37 gazte izan ziren Goierriko familia desberdinetan hiru asteko egonaldia egiten. Denbora tarte hori oso aberasgarria izan zen guztientzat eta harreman onak sortu ziren nerabe eta familien artean. Aurreko urteko esperientzia errepikatu nahian, familia berrien bila dabiltza ekimenaren antolatzaileak.

Gazteen egonaldiek euskara ezagutzeko eta euskal kulturan murgiltzeko balio die, eta horrela, euren arbasoen lurraldea hobeto ezagutzeko aukera daukate. Izan ere, gazte hauek jatorri euskaldunekoak dira. Programa honen hasiera 70. hamarkadan kokatzen da: Boise State Basque Studies Abroad Program egitasmoak euskal kultura eta ohiturak itsasoz bestaldera zabaltzea ahalbidetu zuen. Ameriketatik etorritako gazte haiek Oñatin egindako egonaldiekin gaur egungo Boiseko euskal komunitatearen sena piztu zuten.

Aurtengo kasuan, ekainaren 22an hasiko da gazte hauen egonaldia eta uztailaren 14ra arte luzatuko da. Aurten, gainera, denbora eta egun gehiago eskainiko zaizkie familiei gaztearekin egoteko, eta bertako nerabeek astean zehar aukera izango dute diasporako kidearekin ekintza ezberdinetan elkarrekin parte hartzeko.

Interesa daukaten familiek ateakireki.eus webgunean eman beharko dute izena, eta informazio gehiago behar izanez gero, webgune horretan izango dute eskuragarri. Harremanetan jartzeko bide zuzena ateakireki@ateakireki.eus helbide elektronikoa da.

Ateak ireki 2024