Legorretako Udalak dirulaguntza lerro bat zabaldu du haurrak, adinekoak eta menpekoak zaintzeko: koronabirusaren ondorioz lan baimena eskatu behar izan dutenek edo zaintzaile bat kontratatu behar izan dutenek eska dezakete laguntza hori.
Hauexek dira laguntza lerroak:
A.- Hezkuntza zentroen itxieraren ondorioz 0-12 urte bitarteko haurren zaintzarako eragozpena arintzeko laguntzak eta eguneko zentro nahiz antzeko zerbitzuen itxieraren ondorioz mendekoen zaintzarako eragozpenak arintzeko laguntzak.
Lerro honen barruan sartzen dira:
A.1.- COVID-19aren ondorioz 12 urte bitarteko haurren edo menpekoen zaintzarako egin diren kontratazioak diruz laguntzea.
Kontratazio bakoitzak gehienez ere (bizikidetza unitate bakoitzeko bat) hilabeteko 1000 euroko laguntza jasoko du, betiere jardunaldi osoan. Gainontzeko kasuetan, lanaldiaren arabera murriztuz joango da. Zaintza eremuari dagokion indarreko Lan Hitzarmenaren betearazpena akreditatu beharko da. Legorretan erroldatua egotea ezinbesteko baldintza izango da laguntza hau jaso ahal izateko.
A.2.- COVID-19aren ondorioz 12 urte bitarteko adingabeen edo menpekoen zaintzarako soldatarik gabeko baimen eskaerak eta antzekoek sortutako kalteak konpentsatzeko laguntzak. Laguntza 1000 eurokoa izango da, betiere hilabeteko epea eta bizikidetza unitate bakoitzeko bat erreferentziaz hartuz. Legorretan erroldatua egotea ezinbesteko baldintza izango da laguntza hau jaso ahal izateko.
B.- Krisialdi honek sortutako egoeren ondoriozko beste laguntza batzuk, premiazkoak eta funtsezkoak izan daitezkeenak.
Informazio gehiago hemen.


