Arkitektura modernoa inbentariatu, dibulgatu eta babesteaz aduratzen den erakundea da Docomomo (Documentation and Conservation of buildings, sites and neighbourhoods of the Modern Movement). 1997an sortu zen, eta bi urtez behin egiten dute kongresua. Aurten, Donostian izango da, IX.a hain zuzen, azaroaren 16tik 18ra. Kongresua antolatzeko Docomomok laguntzaile izan ditu honako erakunde hauek: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, haren Gipuzkoako ordezkaritza, EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa eta Espainiako Kultur Ondarearen Institutua. Mugimendu modernoa: kultur ondarea eta gizartea izango da kongresuaren gaia, eta, horren harira, Gipuzkoan zenbait ekitaldi egingo dituzte.
Hain zuzen, astelehenean, urriaren 3an, Etxezarreta paper fabrikaren bulego eraikinean plaka bat ezarriko dute, eguerdiko hamabietan, haren balio arkitektonikoari errekonozimendua egiteko. Fernando Redon arkitekto nafarrarena da eraikina.
Ondoren, udaletxeko areto nagusian, Irati Otamendi arkitektoak eraikinaren inguruko aurkezpena egingo du, haren historia eta ezaugarriak azaltzeko. Otamendik Etxezarreta paper fabrikaren inguruan egin zuen arkitektura ikasketen amaierako proiektua, eta, gaur egun, Gipuzkoako Oria ibaiaren arroko ondare industriala aztertzen ari da bere doktore tesian.
Bertan izango dira Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko presidente Judith Ubarrechena eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduko zuzendari Miguel Angel Crespo.
Ekitaldia irekia izango da, eta herritar guztiok zaudete gonbidatuta.


