Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Egitarau betea Korrikari ongietorria egiteko

Egitarau betea Korrikari ongietorria egiteko

04 Apirila 2017

Legorretako Korrika Batzordeak egitarau bete-betea antolatu du ostiral-larunbaterako, Korrikari behar bezalako ongietorria egiteko. Larunbat goizaldean iritsiko da euskararen aldeko lasterketa herrira, baina, ordura arte, izango da zerekin gozatua.

Ostiral arratsaldean, bostetan, Korrika Txikia izango da Ugaro herri eskolako umeen eskutik, eta, ondoren, merienda izango dute parte hartzaile guztiek. 18:30etan, berriz, indarrak hartu ondoren, karaokea izango dute gaztetxean.

20:30etan, BatZuk Euskararen Lau Aurpegi dokumentalaren emanaldia izango da Herri Antzokian -ordu erdi irauten du-. Eta 21:30etan herri afaria, Aldapa Haundi elkartean, musikaz girotuta -izena eman behar da aurrez, Olason, Ezkizun eta gaztetxean horretarako jarri diren orrietan; asteazkena da azken eguna!-.

01:30ean, karaokea izango da gaztetxean, eta 03:30ak aldera, berriz, kalejira, Korrikari itxaroteko. Lasterketa pasatu eta gero, gosaria izango da Aldapa Haundi elkartean.

Tipi-tapa, tipi-tapa, Legorreta ere Korrika!

Igandean Iruñera joan nahi baduzu, eman izena autobuserako, Olason, Ezkizun edo gaztetxean. Asteazkena da azken eguna!

https://www.youtube.com/watch?v=iJJz0aggQ9Q