Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Eguneko Arreta Zerbitzuak ikasturtea amaitu du

Eguneko Arreta Zerbitzuak ikasturtea amaitu du

30 Uztaila 2024

Uda sasoi betean sartuta, amaiera eman zaio Legorretako Udalak eskaintzen duen Eguneko Arreta Zerbitzuaren 2023-2024 ikasturteari. Autonomia eta harremanak sendotzea xede duen zerbitzu hau beste urte batez eskainiko da irailetik aurrera, eta herritarrei izena emateko gonbita luzatu nahi da udaletik.

Helburu nagusia autonomiari eustea da, ohiko bizimoduarekin jarraitzeko bidea ematea eta harremanak sendotzea. Horrez gain, oinarrizko elikadura eta higiene premiak asetzeko ere balio du: jangela zerbitzua eskaintzen du, besteak beste.

Ikasturte honetan zenbait ekintza burutu dituzte Eguneko Arreta Zerbitzuan izena eman duten kideek. Adibidez, Ugaro Ikastetxeko umeekin elkartu dira astean behin, eta lorezaintza lanak eta tailer desberdinak ere egin dituzte. Bestalde, Donostiako Aquarium-era irteera ere egin dute, eta elikadura osasuntsuari buruzko tailerra eta hainbat ospakizun ere egin dituzte. Hemen ikusgai dago ikasturte honetako memoria.

Egun osoko atentzioaz gain, Eguneko Arreta Zerbitzuan malgutasuna eskaintzen da. Izan ere, astean egun batzuetan bakarrik joateko aukera dago, eta ekintza edo programa jakin batera ere. Jangela zerbitzua ere maiztasun desberdinarekin aukera daiteke, eta zerbitzu hori eskatzen duenak gutxienez astean bitan tailerretan parte hartu beharko du. Erabiltzaileei ez ezik, senideei eta zaintzaileei ere lagunduko die zerbitzuak; informazioa, orientazioa eta aholkularitza emango zaizkie. Hemen kontsultatu daiteke zerbitzuaren nondik norakoak modu osatuago batean.

Datorren ikasturteari begira, Eguneko Arreta Zerbitzuan izena eman nahi duten herritarrek Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan egin beharko dute, aurretik hitzordua eskatuta. Dena dela,  943 085 290 telefonora deituta edo gizarte@legorreta.eus helbidera idatzita informazio gehiago eskainiko da.