Eguzki plaka fotovoltaikoak jartzen ari da udala frontoiko teilatuan
18 Urria 2022
Legorretako Udalak Tapia Instalazio Elektrikoak enpresari esleitu dio frontoian eguzki plaka fotovoltaikoak jartzeko lana.
Guztira, 40 kW-eko instalazioa da. Teilatuak bi gune ditu: hego-ekialdea eta ipar-mendebaldea. Instalazioa hego-ekialdeko estalkian egingo da: bertan, 92 plaka kokatuko dira, 30 plakako hiru errenkadatan eta bi plaka soileko errenkada batean. Instalazio honekin sortzen den argindarra udal eraikinak hornitzeko izango da, eta udalaren asmoa da etorkizunean halako beste instalazio bat jartzea, herritarrekin komunitate bat sortu eta herritarren beharrak asetzeko.
42.000 euroko kostua izango dute lanek, eta Foru Aldundiak 20.000 euroko dirulaguntza eman dio udalari lan hauek egiteko.