Eider eta Haize Arrosa, igande honetan Herri Antzokian
13 Martxoa 2024
SATTO kultura elkarteak Eider eta Haize Arrosa taldeen kontzertuak antolatu ditu igande honetarako, martxoak 17. Herri Antzokian izango dira biak, eta 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Aurresalmenta martxan dago eta esteka honen bitartez erosi daitezke sarrerak, eta egunean bertan ere salgai jarriko dira. 8 euro balio ditu sarrera bakoitzak.
Eider Saez Lazkaon jaiotako abeslaria da. Hainbat urtetan zehar Nøgen taldeko abeslaria izan ostean, 2022an abiarazi zuen bere bakarkako ibilbidea 'Elkarrekin Gaudenean' abestiarekin, eta 'Loratzen' EParekin. Pop estiloa jorratzen du batez ere, melodia itsaskor eta ilunak bizipen pertsonalen inguruko letrekin uztartuz.
Haize Arrosa talde bizkaitarra da. Taldea honela aurkezte da euren sare sozialetan: "2022ko hasieran sortu eta urte bat beranduago itzelezko gogoarekin proiektu bat aurkeztu dogun musika taldea gara". Taldea Eneritz Gorritxategik (trikia eta ahotsa) eta Edurtzeta Aniak (perkusioak eta ahotsa), Markos Murillok (gitarra), David Vallejok (bateria) eta Peio Agirrek (baxu-jotzailea) osatzen dute.