Gaur abiatuko da Korrika Irundik Baionara. Tartean, Legorretatik igaroko da, zehazki martxoaren 23an, larunbata, 12:20 aldera. Egun berezi horren aurretik ekintza desberdinak antolatu dira herrian.
Hasteko, bi txapelketa antolatu dira ostiral honetarako, hilak 15. Aldapa Haundi elkartean musera jokatuko da eta gaztetxean futbolinera. Bi txapelketak 23:00etan hasiko dira, eta izen ematea ordu erdi lehenago zabalduko da (6€ bikoteko).
Larunbaterako, aldiz, ‘Oihaletxea’ dokumentalaren proiekzioa antolatu da. 18:00etan hasiko da Herri Antzokian. Sinopsiak honela dio: “Behin behinean bizitzeko balio duen oihalezko estalpea, oro har, egitura sendo bati eta lurrari lotua”. Ondoren, Korrikako jolasak egingo dira.
Datorren astera begira, ostiralerako, hilak 22, Korrika txikia egingo da 11:30ean. Bestalde, peto eta txapen salmenta ere antolatu da, eta baita ere bertako produktuen zozketa. Herriko tabernetan egongo dira salgai egun bertara arte zozketan parte hartzeko zenbakiak.
Larunbata izango da egun handia. 12:20an helduko da Korrika Legorretara, eta ostean mezu irakurketa eta herri bazkaria egingo da. Bazkarirako tiketak ostiral honetara arte egongo dira salgai herriko tabernatan.
Hilaren 24rako Baionarako irteera antolatu da. Autobusak Beasaingo tren geltokitik (9:30), Lazkaoko eliza geltokitik (9:45) eta Ordiziako tren geltokitik (10:00) abiatuko dira. Interesa daukatenek 10 euroko transferentzia egin beharko dute pertsonako martxoaren 20a baino lehen ES92 2100 4227 0027 3324 kontu korrontera, izen-abizenak, pertsona kopurua eta geltokia adieraziz. Herriko tabernetan ere apuntatzeko aukera egongo da hilaren 20a baino lehen. Baionatik buelta 19:00etan izango da.
Korrikaren inguruko informazio gehiago jasotzeko edo momentu oro non doan jakiteko webgune ofizialean kontsultatu daiteke. Zuzenean ikusteko aukera ere badago hemen.



