Udalbiltza Partzuergoak ‘Energia Komunitateak: harreman-sareak ehuntzen’ topaketa antolatu du larunbat honetarako Legorretan. Hitzorduaren xedea izango da energia komunitateen arteko sareak ehuntzea, proiektuen arteko elkar ezagutza sustatzea eta Euskal Herri mailako harreman-sare bat eraikitzeko aukera aztertzea, dagoeneko abian dauden energia komunitateei euren garapenean laguntzeko bidean.
Aste honetako saioa beste mugarri bat izango da iaz abiatu zen ibilbidean. Izan ere, 2023ko martxoan Udalbiltzak Antzuolako energia foroa antolatu zuen, eta saio horietatik ateratako ondorioetako bat izan zen sare hau eraikitzeko beharrak identifikatzen hastea. Adituek esaten dutenaren arabera, energia komunitate batean zailena aurrera egitea da; horregatik, oztopo eta erronka potentzialei komunean erantzuteko helburuarekin eta elkarrengandik ikasi eta elkar indartzeko helburuarekin antolatu ditu Partzuergoak Legorretako topaketak.
Gainera, Udalbiltzak norabidea eta barne-antolaketa aldatu ditu berriki, eta lau oinarriren gainean eraiki da; herri jasangarriak sustatzea da horietako bat. Bide horretan pausuak emateko asmoz, energiaren inguruko lanketan aritu da, eta larunbatekoa izango da ikasitakoa elkarbanatzeko lehen parada. Ekainaren 15ean goiz osoan zehar izango da zer entzun eta esan Legorretan.
Egitarauari hasiera Iñaki Agirre Legorretako alkatearen ongi etorriak emango dio, Herri Antzokian, 09:00etan. Topaketan parte hartzeko beharrezkoa da izena aurrez ematea hemen. Azpiko bi irudietan kartela eta egitaraua osorik ikus daitezke.




