Eguerdian izan da Etxezarreta paper fabrikako bulegoen eraikina errekonozitzeko plaka ezartzeko ekitaldia. Docomomo erakundearen izenean izan da bertan Judith Ubarretxena Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko presidentea, bulego eraikinaren balio arkitektonikoa airotzeko asmoz.
Ubarretxenak azaldu duenez, Arkitekturaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez ezarri da plaka oroigarria: “Herrietan eta gizartean garrantzia izan duten eraikinen balioa aitortzea da Docomomo erakundearen helburua. Herrialde bakoitzeko arkitekto elkargoek proposatzen ditugu eraikinak, eta Gipuzkoako elkargoak Etxezarreta paper fabrikaren eraikina errekonozitu nahi izan du, nahiz eta egoera konplikatuan egon ondarearen babes aldetik garrantzi handia duelako”. Ubarretxenak gaineratu duenez, “Fernando Redon arkitektoaren eraikin honek balio arkitektoniko eta estetiko oso garrantzitsuak ditu, eta Legorretako jendearen memoria irudikatzeko balio du”.
Docomomoren errekonozimendu hau bultzada bat izango da lanean jarraitzeko. Izan ere, Legorretako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Goieki Goierriko Garapen Agentziarekin lanean ari da, paper fabrikak bestelako etorkizuna izan dezan. Foru Aldundia jabea izanik, udal honek espero du 2017ko udaberrirako erantzun bat izatea eta herritarrekin batera proiektu bat lantzen hasteko moduan izatea.

