Legorretako Udalak herriko etxebizitzen inguruko azterketa egin du eta bertan herriko etxebizitzen egoera zehatza jasotzen da. Era berean, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrari hasierako onarpena eman zaio, eta hemen, Legorretan etorkizunean etxebizitza berriak non eraiki daitezkeen zehazten da. Hau dena kontuan izanik, herritarren beharrak zein diren jakitea dagokigu orain eta horretarako galdetegi hau betetzera gonbidatzen zaituztegu. Datozen egunetan galdetegia etxe guztietan banatuko da, paperean bete nahi duenak ere aukera izan dezan. Paperean betetako galdetegiak udaletxean edo kultur etxeko liburuak itzultzeko buzoian utzi ahal izango dira. Galdetegia betetzeko azken eguna martxoaren 4a izango da.
Behin emaitzak jaso ondoren, etxebizitzaren inguruko saio irekia egingo da martxoaren 11n, arratsaldeko 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Saio honen helburua Legorretak etxebizitzak egiteko garaian dituen aukerak eta oztopoak azaltzea izango da. Horretarako, iaz Legorretako Udalak egindako etxebizitza eta uholdegarritasun azterketek emandako datuak azaltzeaz gain, Plan Orokor berriak eskaintzen dituen aukerak eta galdetegi honek emandako emaitzak azalduko dira.