Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Euskararen arnasguneen tailerrak izango dira herrian

02 Azaroa 2016

Azaroaren 5ean eta 12an egingo dira saioak, udaletxeko udalbatzar aretoan, 11:00etan hasita, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Elegunea euskara elkarteak eta udalak elkarlanean antolatuta.

Herritar guztiak daude gonbidatuta tailerretara, eta garrantzitsua da parte hartzea. Izan ere, besteak beste, euskararen eta haren erabileraren, garapenaren zein transmisioaren inguruan herritarrek dituzten kezkak, iritziak eta ekarpenak jasotzeko balioko dute saioek. Herriko datuak ere aztertuko dira; eta, behin tokiko egoera marraztuta, Legorretan zer ahulgune dauden eta haietan lana nola egin daitekeen finkatuko dute.

Uemako kidea da Legorreta maiatzetik, eta mankomunitateko gainontzeko udalerrietan bezala, %70etik gorakoa da euskaldunen indizea. Kasu honetan, herritarren %69,8 dira euskaldunak; eta %16,66, berriz, ia euskaldunak. Horrenbestez, %78,13ko indizea du udalerriak (euskaldunak + ia euskaldunak / 2).