Euskararen inguruko inkesta erantzuteko epea luzatu da
09 Maiatza 2025
Legorretan euskarak bizi duen egoeraren argazkia egin eta datozen hamar urteotan izango dituen erronkak aztertzeko ariketa egingo du Legorretako Udalak UEMArekin elkarlanean. Horretarako, legorretarren ikuspegia ezagutzeko galdetegi bat zabaldu zen aurreko astean, eta galdetegia erantzuteko azkeneko eguna gaur zen arren, maiatzaren 16ra arte luzatu da parte hartzeko aukera.
Herritarren ikuspegia ezagutzeko galdetegia (euskaraz eta elebitan) internet bidez bete daiteke, eta baita paperean ere, Aldaieta jubilatuen tabernan eta udal liburutegian banatutako eskuorrien bidez. Kasu honetan, eskuorria bete ondoren udaletxera eraman beharko da.
Maiatzaren 20an parte-hartze saio ireki bat egingo da, plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko.
Datozen hamar urteei begirako plangintza eratu behar du Legorretako Udalak, eta hau momentu egokia da tarte bat hartu eta datozen urteetan euskararen bueltan izango ditugun erronkei buruz hitz egiteko.