Furgobaratza zerbitzu ibiltariak urteko laugarren eta azken geldialdia egingo du Legorretan hurrengo irailaren 26an, asteartea. 18:00etatik 19:00etara bitartean egongo da Baratze Parkean, eta kasu honetan, haziei eta hazitegiei inguruko azalpenak eman eta zalantzak argituko dituzte.
Ekimen hau Kutxa Fundazioak sortu zuen, eta aholkuak eman, zalantzak argitu eta praktika egokiak proposatzeko jarri zen abian. Aisialdirako baratze eremu publikoetan zehar mugitzeko sortu zen, baina baita mota ezberdinetako ekitaldi zein azoketan baratzegintza eta lorezaintza ekologikoa sustatzeko ere.
Ekimen hau ez dago soilik Baratze Parkeko erabiltzaileei zuzendua, baizik eta herritar orori. Legorretaren kasuan, Baratze Parkea San Migel auzoan aurkitzen da, eta guztira 18 lursail ditu, bakoitzak 50m² inguruko azalera izanik. Lursailak izateaz gain, komunitatean erabiltzeko hainbat baliabide ere badaude baratzekideen eskura; hala nola uraska, konpost gunea, etxola eta aldagela, erremintak gordetzeko ere erabiltzen dena.