Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Gazteok Arnas eguna izango da azaroaren 26an Larrabetzun, eta autobusa izango da eskualdetik

Gazteok Arnas eguna izango da azaroaren 26an Larrabetzun, eta autobusa izango da eskualdetik

11 Azaroa 2022

UEMAk antolatu du ekitaldia, eta helburua da udalerri euskaldunetako gazteen arteko harremanak sendotzea. Irekita dago izena emateko epea.

Udalerri euskaldunetan bizi diren gazteek elkar ezagutzeko eta haien arteko harremanak indartzeko helburuarekin, Gazteok Arnas eguna izango da azaroaren 26an, larunbatarekin, Larrabetzun (Bizkaia). Egun osoko egitaraua antolatu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Larrabetzuko gazteekin eta eragileekin elkarlanean.

Gazteok Arnas egunaren helburua da udalerri euskaldunetako gazteak saretzea eta haien arteko harremanak sendotzea. Azken urteetan, udalerri euskaldunetako gazte ugarik parte hartu dute UEMAren Salto! udalekuetan —2022an, adibidez, ehun gaztek—, eta haien arteko harreman-sareak sortu dira. Horiek zabaltzea eta indartzea da, hain justu, Gazteok Arnas egunaren xedea.

Larrabetzurako joan-etorria egin ahal izateko, autobusa izango da eskualdetik: Legorretatik, Zaldibiatik, Ataundik, Seguratik eta Idiazabaldik pasatuko da goizean, eta bueltan ere bai.

Egitarau zabala izango da Gazteok Arnas egunean. Tartean, bertso-bazkaria izango da, eta zabalik dago harako izena emateko epea: 15 euroko kostua du. Bazkarirako izena ematearekin batera adierazi behar da zein autobus hartu nahi den. Helbide honetan eman daiteke izena.

Hona hemen azaroaren 26ko egitarau osoa:

- 11:30: ongi-etorria, bertako gazteen eskutik.

- 11:30-13:00: tailerrak aukeran: zirku-tailerra, mural-margoketa, ibilbidea…

- 13:00: ekitaldia.

- 14:00: bertso-bazkaria (*aukera beganoa egongo da).

- 17:00: Zo-Zongó perkushow taldearen emanaldia herriko kaleetan.

- 19:00: Kuluxka Klan eta DJ Nahia Novo Hori Bai gaztetxean.

Gazteok Arnas egitaraua 1086x1536