Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Guraso Eskolak ikasturte berri bati ekingo dio

Guraso Eskolak ikasturte berri bati ekingo dio

12 Iraila 2024

Beste ikasturte batez, Legorretako Guraso Eskola urrian izango da bueltan. Zehazki, hilaren 14an ekingo dio, astelehena, eta hurrengo hilabeteetan ere hil bakoitzeko astelehenetan osatuko dira saioak: urriak 14, azaroak 11, abenduak 9, urtarrilak 13, otsailak 10, martxoak 10, apirilak 7 eta maiatzak 12.

Guztira zortzi saio izango dira, eta saioen ardura Harremanak elkarteko Miren Aiertza psikologoak eramango du. Landuko diren edukiak honako hauek izango dira:

- Haurren garapen ebolutiboa.

- Sozializazioa: haurren arteko harremanak, gatazken kudeaketa, frustrazioa.

- Sexualitatea, gorputz irudia, norbere buruarekin eta besteekin harremana.

- Limiteak eta arauak, gurasoen rola.

- Kirola, denbora librea, jolasaren garrantzia.

- Familia estruktura eta familia oreka.

- Komunikazioa, asertibitatea.

Saioen ordutegiei dagokionez, izen ematearen araberakoa izango da. Izan ere, bi aukera eskainiko dira: 17:00-18:30 edo 18:30-20:00. Gutxienez zortzi pertsonak eman beharko dute izena, eta izen ematea handiagoa bada, bi talde egitea baloratuko da. Izen emate dataren arabera gordeko dira plazak. Urriaren 9ra arte egongo da apuntatzeko aukera, eta horretarako hiru bide eskaintzen dira: Legorretako Gizarte Zerbitzuak aurrez aurre, 943 085 290 edo 688 829 013 telefonoetara deituz, edo gizarte@legorreta.eus helbidera mezu bat bidaliz.