Harreman sare desberdinak osatzen dituzten pertsonen elkargunea izan zen Legorreta pasa den asteartean, otsailak 20. Udaletxean abiatutako Herria Bidelagun programa bertatik bertara ezagutzeko gerturatu ziren gurera Kataluniako Pirinio inguruetako 20 bat kide: Cerdanya, Alta Ribagorça, Alt Urgell, Baixa Cerdanya, Pallars Jussà, Pallars Sobirà eta Arango harana ingurukoak hain zuzen.
Bertan ere antzerako programa bat jarri zuten abian 2023ko maiatzean, Vincles izenekoa. Hauen kasuan ere, helburua berdina da: herritarren arteko sareak indartu, bakarrik sentitzen direnen pertsonei lagundu eta euren arteko harremanak sortu. Zabalduz eta iSocial kooperatibek bultzatzen dute proiektu bakoitza.
Bertaratutako kideei harrera egin zieten Legorretako Udaleko Gobernu Taldeko ordezkariek, udal gizarte langileak, Herria Bidelaguneko profesionalak, Aldaieta jubilatu elkarteko kideek eta Herria Bidelagun programan, bidelagun bezala parte hartzen duten herritarrek.
Topaketa honen bitartez, Vincles proiektuko kideek Herria Bidelagun programaren nondik norakoak ezagutu zituzten: udaletik emandako pausuak, proiektuaren ibilbidea eta urratsak ezagutzera ematea eta ezaugarri orokorrak eta berezigarriak azaltzea. Bestalde, maila komunitarioan aktibo dauden eragileekin egiten den elkarlana eta herriko ekintzen berri ere eman zitzaien. Udal gizarte zerbitzuetatik bultzatzen diren beste zerbitzuen (eguneko arreta zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzua) berri ere izan zuten.


