Azken hilabeteotan, Ugaro ikastetxeko 6 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoek protagonismo berezia izan dute Legorretako jolas eremuak berrasmatzeko prozesuan. Hainbat saioetan zehar, 12 haurrek osatutako talde ordezkariko kideek, partaidetzaren inguruan hausnartu, herriko jolas guneak aztertu, eta beraien behar, nahi eta ametsak proposamen zehatzetan bihurtu dituzte. Prozesuan zehar, ikuspegi zabalagoa izateko, gurasoen eta familien ekarpenak ere jaso dira, etxean erantzundako galdetegien bidez. Bestalde, prozesuan zuzenean parte hartu ez duten haur eta gaztetxoak ere, marrazkien bitartez jolas eremu berrirako proposamenak egin ahal izan dituzte.
Egindako lanketaren emaitza gisa, haurrek jolas eremu berrietarako proposamen anitzak landu dituzte: adin ezberdinetara egokitutako espazioak, jolas askearen eta sormenaren aldeko egiturak, naturarekin harremana sustatzen duten elementuak, eta elkarrekin egoteko gune seguru eta inklusiboak. Ideia horiek guztiak maketa batean irudikatu dituzte, euren ikuspegia modu grafiko eta ulergarrian partekatzeko.
Azken saio irekian, maketa hori herritar guztien aurrean aurkeztuko da, eta Udaleko ordezkariek, udal arkitektoaren laguntzarekin, proposamen horien balorazio orokorra egingo dute. Era berean, Udalak aurreikusten diren berrikuntzak jakinaraziko ditu eta diseinuak errealitate bihurtzeko orduan irizpideak zein izango diren azalduko ditu.
Legorretako Udalak azpimarratu nahi du prozesu honek herriko haurren ahotsa entzun eta kontuan hartzeko borondate argia erakutsi duela, eta azken saio hau aukera paregabea dela egindako lan kolektiboa elkarrekin partekatu, baloratu eta ospatzeko. Horregatik, herritar guztiak gonbidatuta daude, datorren astelehenean, hilak 19, arratsaldeko 17:30ean udaletxeko areto nagusian izango den saio irekira.



