Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Ibilgailuak ondo aparkatzeko eskaera

Ibilgailuak ondo aparkatzeko eskaera

26 Urtarrila 2026

Begi bistakoa da Legorretan herritar batzuk gaizki aparkatzeko joera dutela. Azken aldian ohiko lekuetan gaizki aparkatzeaz gain, herrian egoteko dugun eremu bat ere, aparkaleku bihurtu dute herritar batzuk. Legorretako Udalak urteak daramatza oinezkoak lehentasuna izango duen herri bat izateko lanean. Hau lortzeko bidean, mugikortasun plana eta irisgarritasun plan unibertsala landu dira, hauetan hainbat ekintza plan azaltzen direlarik. Iaz errepideko seinaleak (geziak, zebra-bideak.. ) eta herriko aparkalekuak margotu ziren hauetako asko ezabatuta zeudelako.

Bizikidetzaren ikuspuntutik ezinbestekoa da beste herritarrekiko errespetuz jardutea eta ibilgailuak gaizki aparkatuta egoteak egoera zailak sortzen dizkiete herritar askori; batik bat, mugikortasun urria dutenei, gurpildun aulkiak erabili behar dituztenei, haurrei, haurrak silan eraman behar dituztenei, etab.

Badakigu gaizki aparkatzea ohitura kontu bat dela, horregatik gaizki aparkatzen duten herritarrak ohitura hauek aldatzera animatu nahi ditugu, gaizki aparkatzeak beste herritarrengan eragin zuzena duelako eta Legorreta bezalako herri batean, herriko edozein aparkalekuetan aparkatuta oinez ibili beharreko ibilbidea murritza delako.

Hau dena kontuan izanik, Legorretako Udalak ondo aparkatzea bultzatzeko kanpaina jarriko du martxan. Horretarako, herritar guztiak animatzen ditu bizikidetza eta kontzientziazio kanpaina honetan aktiboki parte har dezaten.