Asteazken honetan, hilaren 30ean izango da Ipuinaren Ordua egitasmoko aurtengo azken kontaketa saioa. Maite Franko etorriko da, eta Bizarrurdinak kontatuko du. Genero indarkeriaren kontrako ipuina da. 6 urtetik 9 urtera bitarteko umeentzat da egokia. Ohi bezala, liburutegian izango da, 18:00etan.
Hona hemen ipuinaren sinopsia:
"Ipuinak jakinduriaz betetako zakuak dira. Bizar Urdin horren adibide argia da; izan ere, aspaldiko ipuin honek urtetan azaldu die neskatoei genero bortizkeria zertan datzan. Istorio honi esker ikasi ohi dute ongi maite dituztenak eta gaizki maite dituztenak bereizten, erasoaldi batetik nola ihes egin eta baita sufritutakoarengatik nolabaiteko saria ere jaso dezaketela.
Jakinduria zakuak diren neurrian, ipuinek iniziaziozko bidaia erakargarri baten eran irakasten digute hori guztia. Emozio bidaia honek tren batena dirudi. Eta argitik argira doa, tuneletako iluntasun kitzikagarria zeharkatuz. Horrela barneratzen gaitu jakin-minaren tunelean, susmoarenean, egiaztapenarenean, beldurrarenean eta baita adorearenean ere”.