Legorretak hartuko du Goierriko Dantzari Helduen III. Topaketa. Goizetik hasita, arratsalderaino luzatuko da egitaraua larunbat honetan, martxoak 9. Eskualde osoko dantza taldeak elkartuko dira gurean.
Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide, Urretxuko Lurra eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeak 10:30ean elkartuko dira plazan, eta 11:00etan desfilea egingo dute herrian zehar musikariek lagunduta. 13:00etan alardea egingo dute plazan eta bazkalondoren, 16:30ean, Ttipika taldeak erromeria eskainiko du.
Trafiko mozketak
Ekintza aurrera eraman ahal izateko, hainbat neurri hartu behar izan dira. Hasteko, 11:00etatik 14:00etara bitartean Legorretarako bi sarbideak itxi egingo dira. Bestalde, Etxezarreta eta Bidarte auzoetako bi puntuetan ezingo da aparkatu (azpiko mapan urdinez daude markatuta); hori dela eta, tren geltokian, kamioien aparkalekuan edo papeleran aparkatzea gomendatzen da. Gainera, errepide nazional zaharreko Ordiziarako noranzkoa moztuta egongo da.
Legorretako Udaletik herritarren laguntza eskatzen dugu neurri hauek betetzeko, dantzarien topaketa egoki burutu dadin. Udaletik barkamena eskatu nahi da neurri hauek sor ditzaketen eragozpenengatik.




