"Agintaldi honetako proiekturik garrantzitsuena" aurkeztu du Legorretako Udalak, Legorreta 2030 plan estrategikoa. Hala adierazi du Zelai Amenabarro alkateak: "Udal gobernu honen proposamenak ahobatezko adostasuna izan zuen udalbatzan, EH Bilduren eta EAJren aldetik, eta datozen asteetan hasiko gara herrian plana lantzen. Herrian diot, eta ez udalean: herritar eta eragile guztien ekarpenekin osatuko baitugu plan estrategikoa".
Prentsaurrekoan izan dira, Amenabarrorekin batera, Aitziber Meabe EAJko zinegotzia eta Amaia Zarrabeitia Elhuyar Aholkularitzako teknikaria. Elhuyarrek gidatuko du prozesua, guztien parte-hartze egokia bermatzeko.
Amenabarro alkateak azpimarratu du badela garaia "epe luzera begira jartzeko, eta hausnarketa sakon bat egiteko". Legorretak zer premia dituen eta etorkizuean zer premia izango dituen pentsatzeko. "2030era begira jarri nahi dugu". Horretarako, adierazi du "oso-oso garrantzitsua" dela prozesuak ezaugarri bat izatea: partaidetza. "Hau ez da alderdi baten, udal gobernu baten edo datorren urterako aurrekontuen erabaki bat: herriaren etorkizunean eragingo duen proiektu ardatza izango da. Horrek eskatzen du denon parte-hartzea bermatzea, eta hori izango da udalaren lehentasuna". Horrez gain, prozesuan garrantzi handia izango du gai batek: zaintzak. Legorreta, Euskal Herri osoa bezala, aldatzen ari da, eta aldaketa horiek areagotu egingo dira datozen urteetan. Pandemiak erakutsi digu zaintzak nolako garrantzia duen herrian, eta prozesuaren aztergai sakonetako bat izango da, beraz, zaintzarena.
Amaia Zarrabeitiak azaldu ditu prozesuaren nondik norakoak. "Partaidetza eta zaintza kontuan hartuta landu eta adostu dugu prozesua. Gaiei dagokienez, hiru ardatzetan banatu ditugu: zaintza, herrigintza eta antolamendua. Esan bezala, zaintzak pisu handia izango du prozesuan. Horrez gain, herrigintzak honako gai hauek hartu ditu: kultura, euskara, gazteria, migrazioa, bizikidetza... Antolamenduak, berriz, honako hauek: herriaren antolamendua, ingurumena, energia... Hiru ardatz horien baitan lan egingo dugu".
Prozesuan parte hartzeko zer espazio izango diren ere zehaztu du Zarrabeitiak: "Hasteko, diagnostiko partekatua egiteko gaikako hiru mahai osatu ditugu, non udal teknikariek, politikariek eta herritar batzuek parte hartuko duten, orain, irailean". Ondoren, mahai zabalak deiturikoak izango dira, eragile eta herritar guztiei irekiak. "Alde batetik, diagnostiko hori osatzeko, aberasteko, eztabaidatzeko, eta, beste alde batetik, aurrera begirako erronkak zehazteko eta herriaren bide orria diseinatzeko".
Urriaren 16an izango da aurreneko mahai zabala, eta azaroaren 13an bigarrena. Larunbat goizetan izango dira bi saio horiek, beraz; ahalik eta herritar gehienek izan dezaten parte hartzeko aukera. Bi horien artean, hitzaldi inspiratzaile bat izango da, "Legorretaren antzeko ezaugarriak dituzten beste herri batzuetan zer egiten ari diren ikusteko eta inspiragarriak izan daitezkeen adibideak jasotzeko", Zarrabeitiak jakinarazi duenez. Azaro hasieran izango da hitzaldi hori.
Bukatzeko, abendu bukaerarako aurreikusten du Elhuyarrek prozesua borobiltzea eta dokumentu batean jasotzea aurrera begirako erronkak.
Prozesu trinkoa izango da, baina emaitza esanguratsuak emango dituena. Amenabarroren hitzetan, "abiatze bat" izango da hau, "luzera begirako ikuspegi batekin gogoeta egiteko". Haren hitzetan, "emaitzak esango du" lanean nola segitu, "arloz arlo zertan sakondu".
Esan bezala, udal barruan adostasun batetik abiatu da plan estrategikoa. Horri lotuta, Aitziber Meabe EAJko zinegotziak nabarmendu du hasieratik "oso garbi" zeukatela Legorretak plan estrategiko bat behar zuela. "Eta horren alde egin dugu. Adostasun batera ailegatu gara, eta, hortik aurrera, dokumentu minimo bat edukiko dugu, oso beharrezkoa, Legorretaren garatzeari nola eutsi jakiteko".
Prozesuaren ezaugarria partaidetza izango denez, alkateak dei egin die herritar guztiei saioetan parte har dezaten. "Herri bizia da Legorreta, eta bizitasun hori baliatu nahi dugu prozesu honetan. Denok daukagu zeresana, eta denon ahotsak jaso nahi ditugu herriaren etorkizuna marrazteko. Beraz, etorri saioetara, parte hartu, eta denon artean egingo dugu etorkizuneko Legorreta".