Legorretako Udalak, 2020ko ekainaren 28an egin zuen adierazpenean, berretsi egin zuen LGBT+ herritarren eskubideak urte guztian bermatzeko konpromiso politikoa. Bide horri segika, 2021eko ekainean, LGBT+ komunitatearen diagnostikoa egiteko proiektua jarri zuen martxan. Herri honek orain arte ez ditu izan LGBT+ pertsonei begirako politika espezifiko edo zeharkakoak, eta, hain justu, hori aldatzeko abiatu zen prozesu hau.
Orain, 2022ko ekain honetan, urtebeteko lanaren ondoren, diagnostikoa aurkeztuko du udalak, emanaldi berezi batean: Telmo Iruretak aurkeztuko du diagnostikoa, Iñaki Esnalen hitzartzeari jarraituz, eta, ondoren, Alarma Morea taldeak kontzertua eskainiko du. Datorren ostiralean izango da, ekainaren 17an, 18:30etan, herriko plazan.
Diagnostikoa bera argitaratu egin du udalak, eta aurkezpenean eskura egongo da, interesa duten herritarrek eskuratu ahal izan dezaten.
Lan hau lehen pausoa da LGBT+ herritarren eskubideak bermatuko diren agertoki batera iristeko. Eskerrik beroenak proiektuan parte hartu duzuen herritar guztioi: hau egiteko, zuen bizipenetan sartzen utzi diguzue, eta zuei esker atera da proiektua aurrera. Orain, lanari ekitea dagokigu, denon artean Legorreta bizigarri bat eraikitzeko, guztion eskubideak berma daitezen.



