Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Legorretako Udalak bat egiten du UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin

Legorretako Udalak bat egiten du UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin

13 Azaroa 2023

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abiarazi du UEMAk, eta Legorretako Udalak bat egiten du euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko kanpaina honekin. Sustraiak beste herrialdeetan izan arren gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaria da kanpaina, hasiera batean gainerako herritarrek euskara ukatzen dietela sumatuta. Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak.

Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk ostiralean Ibarran aurkeztu zuen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.

Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen edota Arlenys, zorionez.

Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako. Kanpainako bideoetan adierazi duten moduan, "badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako".

Ostiraleko agerraldian, UEMAko lehendakari Martin Aramendik zehaztu zuen kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dagoela. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera: "Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira gaur egun, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz. Zaldibiako egitasmoa beste hainbat herritara zabaldu dugu azken bi ikasturteotan, eta esan dezakegu egundoko eragina eta oihartzuna izaten ari dela batean eta bestean. Hala ere, oraindik, herri batzuetatik kezkaz esaten digute, egundoko lanketa egin arren, aurreiritziek indar handia dutela, eta etorri berrien seme-alabei, askotan, gazteleraz egiten dietela herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek euskaldunak direla nabarmendu nahi dugu. Eta, beraz, herritar horiei ere euskaraz hitz egiteko eskatu nahi diegu gainerako herritarrei kanpaina honekin".

Egin nirekin ERE kartel orokorra page 0001